Foro Sozialak presoen auzian pausoak eskatu dizkio Sanchezi

Euskal presoek sakabanatuta eta gradu gogorretan segitzen dutela salatu dute txosten batean

Foro Sozial Iraunkorraren agerraldia, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
«Basoa erdi hutsik edo erdi beteta ikus daiteke, baina gure helburua guztiz betetzea da». Hori dio Foro Sozial Iraunkorrak euskal presoen egoeren bilakaerari buruz. Atzo aurkeztu zuten Aurrerapenak, trabatzeak eta atzerapenak txostena, Donostian. Bertan, euskal presoen egoerak 2018ko uztailetik 2019ko azarora izan duen aldaketa jaso dute.

«Zintzilik daukagun gai hori konpondu beharra daukagu», ziurtatu dute. Horretarako, iruditzen zaie Espainiako Gobernuak pauso gehiago eman beharko lituzkeela kartzelako graduen inguruan, bakartzean eta gerturatzeetan. Orain arteko erritmoak «zuhurregiak« izan direla ohartarazi dute. Diotenez, baliteke Espainiako Gobernuan «gatibutasun printzipioa» nagusitu izana «legaltasun printzipioaren» gainetik.

Hala ere, txosteneko datuei erreparatuta, iruditzen zaie Espainiako Gobernuak eta presoek badaukatela borondatea, baita sendotu dela ere adostasun politikoa, erakundeetakoa, sindikatuena eta soziala. Gainera, beste aldaketa bat ere nabarmendu dute: duela urtebete «gizatasun» arrazoiekin lotzen zela presoen auziaren irtenbidea, baina, gaur egun, eragile guztiak bat datozela arrazoizko epe batean konponbidea bilatu beharra dagoela, euskal presoei ohiko espetxe politika ezarriz. «Izan ditugun kontaktuengatik, esan dezakegu Espainiako Kongresuaren gehiengoa ados dagoela bi puntu horiekin», nabarmendu dute. Biktima gehienek izandako «eskuzabaltasuna» ere eskertu dute.

Euskal presoek Espainiako kartzeletan izaten dituzten arazoak azaleratu dituzte txostenean. Sakabanaketa da nabarmenenetakoa. 148 preso Euskal Herritik 520 eta 1.100 kilometro artean dauzkate espetxeratuta, 57 preso 520 kilometro baino gutxiagora daude, eta bost euskal preso daude Euskal Herrian, guztiak gaixorik. Urrunen dauden 65 preso guraso ere badira, eta bost gaixo daude. 2018ko uztailetik,27 preso gerturatu dituzte, baina bat ere ez dute Euskal Herrira ekarri.

Sakabanaketa ez ezik, bakardadea ere jasaten dute. Hamabi emakume daude beste euskal presorik ez dagoen emakumeen moduluetan. Sei gizonek ere ez daukate beste euskal preso gizonik beren kartzeletan. Gainera, lehen graduan dauden 128 presoetatik 31 erregimen itxiko unitate berezietan dauzkate —bakartze egoeraren antzekoa—, Sevillan, Kordoban, Huelvan eta Estremeran (Madril). Beste 27 Puerto de Santa Marian (Andaluzia), Teixeiron (Galizia) eta Mansillan (Gaztela eta Leon) daude, lehen graduko moduluetan. Gainerako 70ak, berriz, bigarren graduko moduluetan edo ohikoetan daude. «Bakartze moduluak zigorrak betetzeko soilik dira, eta ez iraunkorki hor egoteko», esan dute. Hala ere, zenbait euskal presok horrelako moduluetan urteak daramatzatela salatu dute.

Gaixorik dauden presoei dagokienez, gehienen egoera ez da aldatu, eta larri gaixo zeudelako, espetxetik irten ziren hiru euskal preso hil dira 2019an. Hala ere, ontzat jo dute bi kondena etetea eta beste bati zigorra etxean betetzeko aukera ematea.

Senideak ere ez daude salbu. Izan ere, zortzi istripu iaz baino bat gehiago izan dituzte presoak bisitatzera zihoazela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.