Koronabirusa. Merkatuak

Funtsen saldoa, sarraski bila

Bridgewater eta enparauak oztopatzeko, zorpeko eragiketak debekatu dituzte hainbat burtsatan

Ray Dalio, Bridgewater funtsaren sortzailea, lezioak ematen, joan den otsailean Abu Dhabin. ALI HAIDER / EFE.
Irune Lasa.
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
«Desilusionatuta gaude, dirua irabazi behar genuelako, 2008an egin genuen moduan, dirua galdu beharrean», esan berri du Ray Daliok, lehoia iritsitakoan sarraskitik alde egin behar duen putrearen doinu atsekabetuarekin. Bridgewaterren sortzailea da Dalio, munduko hedge fund handienarena, eta aitortu behar izan du oraingo honetan jokaldia ez zaiola nahi bezala irten. Izan ere, Pure Alpha bere funtsik ikonikoena galerak pilatzen ari da, urte hasieratik %20 jaitsita. Dena den, astelehenean berriz ere agiria atera zuen Daliok, funtsetako guruek maiz erakusten duten portaera errepikatuz, eta bere iragarpenak, iritziak eta lezioak emanezmunduko banku zentral nagusiei eta, oro har, entzun nahi dion guztiari.

Bridgewater funtsak, hori bai, lanean jarraitu du azken egunetan. Eta zorpeko eragiketa espekulatiboekin Europako hainbat enpresa handiri egin die eraso, haien balioa jaitsi egingo dela apustu eginez, eta, hori egitean, epe laburrean haien balioa jaitsaraziz. Salmentan jarri ditu %0,5 eta %0,7 inguruko parte hartzeak Alemaniako, Frantziako, Espainiako, Italiako, Finlandiako eta oro har Europako burtsa nagusietan. Daimler, Siemens, Allianz, Adidas, Enel, Philips, Nokia, Orange, Sanofi, Airbus, Danone, Santander, Telefonica... Horiek izan dira jokaldiaren biktimetako batzuk. Erasopean egon dira Iberdrola eta BBVA ere.

Putreak saldoan iritsi ohi diren bezala, Bridgewater ere ez da izan bakarra sarraski bila. Funts horiek gehienak ezagunak dira 2008ko krisiaz geroztik, haien beheranzko apustuengatik: AQR Capital, Marshall Wallace eta Citadel, hiru besterik ez aipatzeko.

Debekuak

Europako burtsetan, joan den astean, sarraskijale saldoak 22.000 milioi euro kapital baliokidea jokatu zuen, gutxienez. Gutxienez, izan ere, funtsak ez daude derrigortuta halako operazioei buruzko informazioa ematera arautzaileei, ez badute konpainia baten %0,5 gainditzen.

Gauzak horrela, erasopean, Erresuma Batuko, Espainiako eta Italiako finantza merkatuen arautzaileek ostegun gauean erabaki zuten zorpeko eragiketa horiek egun batez debekatzea.

Astelehen gauean, ordea, atzera debekua ezarri behar izan zuten Italian, Frantzian eta Espainian. Hego Koreako erregulatzailea kategorikoagoa izan da, eta herrialde hartan ez da onartuko zorpeko eragiketarik sei hilabeteko epean.

Halako operazioekin dirutza irabazi zuen Bridgewaterrek 2008. urteko finantza hondamendian. S&P500 indizeak %37ren beherakada izan zuen garai batean, Pure Alphak %9tik gorako errentagarritasuna eman zien bere inbertsiogileei. Oraingoan zenbateko etekinak lortu ditu Bridgewaterrek? Ezin jakin oraindik. Baina beti irabaztera ohituta dagoen Daliori min emateko adinakoa izaten ari da koronabirusak eragindako gainbehera.

Arriskuak ahalik eta gehien orekatzeko, halako funtsek hainbat aktibotan inbertitu (apustu egin?) ohi dute, hala nola akzioetan, zor bonuetan, lehengaietan, kredituetan... Normalean, burtsek behera egiten dutenean, zor publiko nagusien balioak gora egiten du, diruak toki ez horren errentagarri baina seguruagoen bila abiatzen delako. Baina egun askoan ez da halakorik gertatu. Guztia amildu da, eta, Dalio askoren atsekabe, hor etekinak ez, galerak izan dituzte. Hala ere, ez dago zalantzarik, saldoak hegan jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.