Koronabirusa

Leitzako 2.500 herritar ingururi PCR probak egingo dizkiete

Beste 716 kasu izan dira Hego Euskal Herrian. Frantziako Gobernuak murriztu egin du zaurgarrienentzako lan geldialdia

Osasun langile bat, PCR proba egiten. GORKA ESTRADA / EFE.
Olatz Esteban Ezkati - Oihana Teyseire Koskarat
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Alarma guztiak piztu dira Leitzan (Nafarroa). Egoera epidemiologikoak okerrera egin du nabarmen azken egunetan herrian: abuztuaren 26tik irailaren 2ra bitartean, 31 kasu atzeman dituzte. Hau da, pandemia osoan izan diren positiboak gainditu dira aste bakar batean. Izan ere, martxoaren 27tik abuztuaren 25era bitartean, 18 kasu izan ziren guztira Leitzan. Gorakadaren ondorioz, Nafarroako intzidentzia tasarik handiena bertan dago orain: 1.000 biztanleko 8,95 kasu daude. Kutsatzeak ez ugaritzeko, bi erabaki jakinarazi ditu Nafarroako Gobernuak azken orduetan: batetik, neurri murriztaileak ezarri dituzte herrian; eta, bestetik, PCR probak egingo dizkiete hamabost urtetik gorako herritar guztiei —2.500 lagun ingururi—. Asteburuan egingo dituzte testak kiroldegian, eta, borondatezkoak diren arren, udalak adierazi du «oso garrantzitsuak» direla kasu asintomatikoak atzemateko.



Gobernuak foru agindu bat argitaratu zuen atzo herrian ezarri diren neurriekin, eta hamabost egunez egongo dira indarrean. Edukierak mugatuko dituzte gehienbat. Taberna eta jatetxeen barnealdeko edukiera erdira murriztuko da, eta kanpoaldekoa %75ekoa izango da. Gainera, mahai baten inguruan ezingo dira sei lagun baino gehiago bildu, eta ezingo da barran kontsumitu. Aisialdi gune publikoetan ere taldeak sei pertsonakoak izango dira gehienez ere, eta edukiera hemezortzi pertsonakoa. Elkarte gastronomikoak eta gazte lokalak, berriz, ezingo dira erabili.

Udal zerbitzuei ere eragingo diete neurriek. Kiroldegia irekita egongo da, baina ezin izango da talde jarduerarik egin, eta frontoia eta pista ere ez dira erabilgarri egongo. Gainera, kirol eta kultur jarduera guztiak bertan behera geratuko dira bi astez. Udal zerbitzuek martxan jarraituko dute, baina ordua eskatu beharko da.

Azken orduetan, 10.958 PCR proba egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 716 positiboak izan dira. Bezperan baino zertxobait handiagoa da kopurua (680), baina badirudi azken egunetan apalduz doazela kutsatzeak. Izan ere, iragan astearen amaieran positiboen portzentajea %8-9ren bueltan ibili zen, eta orain, berriz, %6,5ekoa da. Birsorkuntza tasaren berri ere eman du Jaurlaritzak, eta aldaketa igar daiteke. Bi hilabeteren ostean, batekoaren azpitik geratu da: 0,96. Positibo eman duen pertsona batek zenbat lagun kutsatzen dituen adierazten du tasa horrek.

Halere, Bizkaian, positiboen gorakada nabarmena atzeman da. Bezperan, 246 kasu izan ziren; azken orduetan, berriz, 360. Gipuzkoan, 165 kasuren berri eman dute. Nafarroan, bezperan baino 23 kasu gutxiago detektatu dituzte, 111; eta Araban ere behera egin dute kutsatzeek; 53 kasu izan dira; bezperan, 91. Erkidegotik kanpo beste 27 atzeman ditu Jaurlaritzak. Ospitaleetako egoeraren berri ere eman dute Jaurlaritzako eta Nafarroako Osasun sailek. Azken orduetan, beste 66 gaixo ospitaleratu dituzte, eta, oraintxe, 393 lagun daude COVID-19aren ondorioz ospitalean. Horietatik 55, ZIUetan.

Baimen murrizketak

Ipar Euskal Herrian, deskonfinamendutik geroztik, koronabirusaren aitzinean zaurgarri ziren pertsonei etxeratze baimena ematen ahal zien medikuak. Eritasun anitz sartzen ziren baimena lortzeko irizpideetan; eta horren bidez telelana egiten ahal zuten eriek. Lanbideagatik telelana egiten ahal ez zutenek langabezia partziala eskuratzen ahal zuten. Bestalde, pertsona zaurgarri batekin bizi diren langileek ere lor zezaketen etxean egoteko baimena. Frantziako Gobernuak, ordea, «birusarekin bizitzen ikasi beharra» azpimarratu du orain, eta ekonomia berriz bultzatzeko asmoz, lanera itzultzeko dinamika bultzatu du. Hala, zaurgarri direnek pandemiagatik lan geldialdia lortzeko irizpideak murriztu ditu gobernuak. Oraindik goiti, lau patologia baizik ez dira sartzen irizpide horietan: minbizia, immunoeskasia, 65 urtetik gorakoek duten diabetesa, eta giltzurrun eskastasuna edo dialisia dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.