Berdintasun Lege proiektuak biktima izendatu ditu haurrak ere

Jaurlaritzak berdintasun politikak eta laguntzak indartu nahi ditu. 2005eko legea moldatu du; Eusko Legebiltzarrak onartu beharko du orain

Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun sailburua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Gizonen eta emakumeen berdintasunerako Eusko Jaurlaritzaren legearen proiektuak biktima gisa izendatu ditu indarkeria matxistaren ondorioak pairatzen dituzten haurrak, nerabeak eta menpeko pertsonak ere. Jaurlaritzak atzo onartu zuen lege proiektua, eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi zuen «funtsezkoa» dela pertsona horiei babes «handiagoa» ematea, bortizkeria dagoen eremuetan eta egoera «ahulagoan» daudelako. Areago, nabarmendu zuen indarkeria matxistaren ondorioz umezurtz gelditzen diren adingabeei laguntza ekonomikoa emango dietela, baina ez zuen zehaztu zenbatekoa.

Hain zuzen, Eusko Legebiltzarrak 2005ean onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea, eta orain, gaurkotzeko proposamenak egin dituzte. Nazioarteko araudietara egokitzeko beharra hartu dute oinarri; esate baterako, Istanbulgo Hitzarmenak zehazten duenera. Hala ere, lege proiektua Eusko Legebiltzarrean aztertzea da hurrengo urratsa. Talde politikoek aukera izango dute zuzenketak egiteko eta legeaz eztabaidatzeko. Azkenik, osoko bilkuran bozkatuko da ea onartuko duten ala ez. Kasu honetan, ordea, ziurrena da lege proiektua onartzea; izan ere, EAJ-k eta PSE-EEk gehiengoa dute.

Jaurlaritzak, lege proiektuarekin, berdintasun politikak eta bortizkeria matxistaren biktimentzako laguntzak indartzea jarri du helburu, eta zenbait erronka zehaztu ditu. Besteak beste, uste du langile publikoek berdintasunaren alorrean ahalduntzeko «betebeharra» dutela, eta, beraz, prestakuntza «derrigorrezkoa, progresiboa eta iraunkorra» jaso beharko dute. Horrez gain, herritarrak gehiago «sentsibilizatu» beharra eta detekzio goiztiarreko sistemak hobetzea ere mahai gainean daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.