N-121-A errepideko segurtasuna hobetzeko neurriak eskatu dituzte

Iruñea eta Irun arteko errepideko 11 puntutan trafikoa eten dute herritarrek, bost minutuz

N-121-A errepidean mobilizazioa egin zuten herritarrek. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
N-121-A errepideko segurtasuna hobetze aldera, Nafarroako Gobernuari neurriak hartzeko eskatu diote, berriro, Iruñea eta Irun (Gipuzkoa) artean dauden 29 udalerritako alkateek. Hori aldarrikatzeko protesta batera deitu zuten atzo, 19:00etan, eta herritarrek errepidea itxi zuten 11 puntutan, bost minutuz. Aitor Elexpuru Berako (Nafarroa) alkatearen hitzetan, helburua lortzeko ahaleginean«anitz» lagunduko luke «trantsituko garraio astuna, nazioartekoa», A-15 autobidera desbideratzeak. «Errepide honek ez ditu trafiko astuna jasateko baldintzak betetzen. A-15a horretarako egina izan zen bere garaian».

Berako alkatearen arabera, N-121-A errepidetik «4.000 bat kamioi» pasatzen dira egunero. Eta beste zenbaki bat eman du: azkeneko hiru hamarkadetan 200 pertsona baino gehiago hil dira errepide horretan gertatutako istripuetan. Hori ikusita, Nafarroako Gobernuak proposaturiko konponbidea izan da 2+1 moldeko errepidea egitea; hau da errepideak bi lerro izango ditu alde batera, eta bat bestera, zati guzietan. Elexpururentzat, «edozein hobekuntza» da ongi etorria. «Baina, dagoen trafiko astunarekin, 2+1a ez dugu bideragarria ikusten».

Gogoratu du, gainera, Bortzirietan jada badituztela 2+1 moldeko errepideak, baina gobernuaren obra proiektuak aurreikusten duela zubiek eta tunelek norabideko bide bakarra edukitzea. «Gure zatian daude zubi eta tunel gehien. Orain dugun 2+1a erdira murriztuko da proiektu berriarekin; orduan, ez gaude pozik».

Bost zatitan banatu du proiektua gobernuak, eta Iruñetik gertuen dagoena garatzen hasi da. Berako alkateak nabarmendu nahi izan du, ordea, beren eskaera «historikoa» dela, aurrena Bortzirietan dauden «puntu beltzetan» zentratzeko eskatu izan diotela, aspalditik, administrazioari. N-121-A nola kudeatu adosteko, «gobernuko teknikariekin, alkateekin eta suhiltzaileekin» mahai bat osatzea proposatu du Elexpuruk. Osatu zuten duela hiru urte, Belateko eta Almandozko tuneletan egokitze obrak egin zituztenean, eta orduan adostu zuten trafiko astuna A-15era desbideratzea. Beraz, 2018ko maiatz eta azaro artean «sekulako lasaitasuna» nabaritu zuten eskualdean. «Baina gure eskariz desbideratu zituzten A-15era, e?», zehaztu du Elexpuruk.

Foru gobernuak beste planteamendu bat egin du, gainera, azken urtean: N-121-An kamioientzako bidesaria jartzea. Iazko martxoan iragarri zuen. «Erraten dute gutxiago erabiltzeko efektua izanen duela». Berako alkateak «dudak» ditu. «Esan digutenaren arabera, bidesariak ezin dituzu edozein errepidetan jarri, ezta arku bidezkoa ere. Errepideak baldintza jakin batzuk eduki behar ditu».

Kontuak kontu, gobernuak esan die «legalki» ezin dutela trafiko astuna A-15era desbideratu. Hori esan zien alkateei Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Zirizak, duela hiru bat aste egin zuten bileran. «Sustapen Ministerioaren esku dagoela hori. Madrilen sozialistak daude, PSNren talde berekoak. Orain baino errazago ez dute izanen». Zirizak adierazi zien, gainera, «ezbehar tasa» ez dela nahikoa aldaketa hori egiteko. «Hori pixka bat bitxia iruditzen zaigu, kontuan hartuta azken hamarkadetako datuak. Ez dakit zenbat hildako jarri behar diren mahai gainean», ohartarazi du Elexpuruk.

Alkateak daude aldarrikapenen «lehen lerroan», eta haien intentzioa da herritarrei lekukoa pasatzea eta herrietan plataformak osatzea. «Gaia lantzen jarraitu behar dugu, egunero baikaude arriskuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.