Koronabirusa

Osakidetza astelehenean hasiko da jartzen gripearen txertoa

Atzotik, arrisku taldekoek ordua har dezakete. COVID-19aren txertoaren hirugarren dosia hartzeko era emango zaie herritar jakin batzuei

Emakume bat gripearen aurkako txertoa hartzen, iaz. GORKA RUBIO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Datorren astelehenean, urriaren 18an, gripearen txertaketa kanpaina abiatuko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egun horretan hasiko dira txertatzen arrisku taldean dauden herritarrak; tartean, 65 urte edo gehiagokoak, patologia kronikoren bat dutenak, haurdun dauden emakumeak eta osasun arloko profesionalak. Atzotik dute ordua hartzeko parada, eta bi bidetatik egin dezakete: Osakidetzaren webgunearen bidez, edo osasun zentrora deituta. Arrisku taldekoak ez diren gainerako herritarrek, berriz, azaroaren 15etik aurrera eska dezakete ordua txertoa hartzeko.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo jakinarazi zuenez, aurten gripearen aurkako txerto tetrabalente bat jarriko da, helburua baita birusaren aldaeretatik gehiago babestea. Osakidetzak 651.333 dosi eskuratu ditu guztira, eta, behar izanez gero, %20 dosi gehiago har ditzake.

Eta orain gripeak ez gaitzala banandu. Jarri txertoa leloa izango du aurtengo kanpainak. Osasun sailburuak azaldu zuenez, lelo horrekin gogora ekarri nahi dute koronabirusari aurre egiteko azken urte eta erdi luzean «gizarteak zer-nolako ahalegina egin duen». Kanpainaren helburua da «pertsona zaurgarrienen osasun indibiduala zaintzea», baita «osasun kolektiboa» zaintzea ere.

Aurten ere koronabirusaren pandemiak baldintzatuko du gripearen txertaketa, nahiz eta orain askoz ere apalagoa den birusaren intzidentzia iazko udazkenarekin alderatuta. Nolanahi ere, izurriak izango du eraginik gripearen txertaketan. Izan ere, gripearen txertoarekin batera, COVID-19aren txertoaren hirugarren dosia hartzeko aukera izango dute 70 urte edo gehiago dituzten eta koronabirusaren aurkako txertoa duela sei hilabete baino gehiago hartua dutenek. Aldi berean jarriko zaizkie bi txertoak, beso banatan.

Bestalde, Sagarduik esan zuen garrantzitsua dela gripeari aurre egiteko prebentzio neurriak betetzea; besteak beste, gune itxiak aireztatzea eta maskara erabiltzea. Hala, herritarrei eskatu zien maskara janzteko, bereziki leku itxietan eta gripearen sintomarik izanez gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.