Sanferminetako talde erasoaren biktima: «Ez zaitezte isildu»

Oharra bidali du Espainiako telebista kate batera. Eskerrak eman dizkie familiari, lagunei eta haren alde kalera atera diren guztiei

Jendetza Iruñean, sanferminetako bortxaketaren auziko epaiarengatik protestan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Hitz egin du. Auzia azaleratu zenetik, isilik egon da sanferminetako talde bortxaketaren biktima, baina hitza hartzea erabaki du. Ohar bat igorri zuen atzo Espainiako telebista kate batera, jasotako sostenguarengatik esker ona adierazteko, eta emakume guztiei deia egiteko: «Ez zaitezte isilik gelditu; hala egiten baduzue, irabazten utziko diezue».

Gazteak nabarmendu du espero duela bere kasuak balio izatea «kontzientziak astintzeko» eta beste emakume batzuei «indarra emateko»; horregatik, dei egin die erasoak jasan dituzten emakumezkoei gertatutakoa kontatzera ausart daitezen: «Inork ez du hau guztia jasan behar, ez du damutu behar edateagatik, jaietan jendearekin hitz egiteagatik, etxera bakarrik joateagatik edo minigona bat janzteagatik».

Bortxaketarekin txantxak egin dituztenen jarrera txarretsi du: «Eritasunekin txantxarik egiten ez dugun bezala, kontzientzia bera erakutsi beharko genuke bortxaketekin ere; lotsagarria da, eta gure esku dago aldatzea».

Eskerrak eman dizkie, halaber, familiari, lagunei eta «errespetua adierazi duten elkarteei, politikariei, ezagunei, kazetariei...»; era batera edo bestera, beragatik arduratu den orori. Baina, bereziki, kalera atera direnei: «Eskerrik asko bakarrik ez uzteagatik, eskerrik asko sinesteagatik, ahizpak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.