Konplizitateak eta eskubideak

Euskaraldiaren bueltan sortutako elkarlan giroa goraipatu du Kontseiluak aurtengo txostenean. Zeharkako politikak behar direla ohartarazi du

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko azaroak 17
Astebete eskas falta da Euskaraldia martxan jartzeko: hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu, euskaraz aritzeko ohitura zabaltzea. Aldaketa batzuk iritsi dira jadanik, Euskaraldia bera hasi aurretik: lankidetza, askotariko eragileak egitasmo baten bueltan bildu izana. Hala nabarmendu du Kontseiluak aurtengo jardunaren balantzean: «Aliantza berriak eta berritzaileak irudikatzeko arras baliagarria izan da Euskaraldia». Norabide horretan sakondu egin behar da aurreratzean ere, Kontseiluaren ustez: nabarmendu du euskalgintzako eragileek eta erakundeek «konplizitatez» jardun behar dutela. Beste bi irizpide ere zehaztu ditu ardatz modura: batetik, zeharkakotasunez gauzatu behar dela hizkuntza politika, administrazio osoak parte hartu behar duela erronka horretan, eta ez euskara sailek bakarrik; bestetik, oinarri gisara hartu behar dela hizkuntza eskubideak bermatzea.

Aurtengo balantzea aurkezteko ekitaldia egin zuen Kontseiluak atzo, Bilbon. Euskalgintzako dozenaka eragiletako ordezkariak bildu ziren ekitaldian, baita erakundeetakoak ere; bertan izan zen, esate baterako, Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Harekin batera, sindikatuetako eta alderdi politikoetako arduradunak ere joan ziren, baita beste gizarte eragile batzuetakoak ere.

Gisa horretako lehen ekitaldia iaz egin zuen Kontseiluak: urteko balantzea eta aurrera begirako ildoen aurkezpena. Urtero egiteko asmoa dute. Iaz, neurketei begira jarri ziren batez ere —aurkeztu berriak ziren inkesta soziolinguistikoa eta kaleko erabileraren neurketa—; aurten, berriz, nabarmendu dute hizkuntza politikarako proposamenen urtea izan dela.

Parlamentuei begira

Lege aldaketa bat baino gehiago dago mahai gainean, izan ere. Eusko Legebiltzarrean, pisuzko bi gai. Batetik, estatutu berrirako proposamena; euskarak izan beharreko tokiari buruz txosten bat utzia du Kontseiluak lantaldearen esku. Bestetik, hezkuntza legea egiteko prozesua ere martxan dago; aurreproiektua lantzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta Kontseiluak proposamen bat igorria dio.

Hezkuntza legea datozen hilabeteetarako lehentasunen artean jarri du Kontseiluak: «Aukera errealak daude hezkuntzaren esparruan beharrezko jauzia egiteko, eta akordio bidezko estrategia lagungarria dela uste dugu». Nabarmendu du euskalgintzaren eta hezkuntzako eragileen artean adostasun handia dagoela euskalduntzea bermatuko duen eredu bat abian jartzeko. Jaurlaritzak oinarrizko txostenean xedetzat jarri du ikasleek B2 maila izatea derrigorrezko eskolaldia bukatzean. Bat dator Kontseilua: «Elementu oso garrantzitsua da hori».

Nafarroako Parlamentuan ere bada gai pisuzko bat: Euskararen Legea aldatzeko batzordea. Lanean ari da, eta Kontseiluak egina dio proposamena. Hizkuntza eskubideak bermatzea jarri du oinarritzat. Eskubideekin lotutakoa izan da, hain justu ere, Kontseiluaren aurtengo proposamen nagusia: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren garapen bat prestatu du Euskal Herrirako, hamarnaka eragilerekin bat eginda. «Hizkuntza politikak birpentsatzeko» agiria da, Paul Bilbao idazkari nagusiaren arabera.

Hori nola egin, moduetan jarri du begia Kontseiluak. Mugimendua badagoela nabarmendu du. Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko kongresuari erreparatu dio, adibidez. Euskararen geroari buruzko atal bat du kongresuak, goiburu honekin: E5: Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen. Euskararen indarberritzean ari diren eragileen bilgune izan da prozesu hori, eta irudikatu dute 2040an zein egoera izango duen euskarak. Orain hilabete eskas aurkeztu zuten adierazpena Gasteizko azken saioaren ondoren, eta ohartarazi zuten euskalgintzako eragileen eta erakundeen arteko lankidetza behar dela.

Norabide horretan mintzatu da Kontseilua: «Bada garaia instituzioen eta euskalgintzako eragileen arteko konplizitatez eraikiko den eta hizkuntza eskubideen bermea ardatz izango duen hizkuntza politika abian jartzeko». Bilbaok adierazi du Euskaraldiaren jiran sortutako mugimendua baliatu behar dela horretarako, «harreman eredu berriak» sortzeko. Eta beste urrats bat egiteko ere nabari du aukera: «Euskaraldiarekin hanka soziala sendotzeko erakutsitako sinergiak hanka politikora eraman behar ditugu».

Erakundeei dagokienez, zeharkakotasuna jo du lehentasuntzat Kontseiluak: «Administrazioko sail eta maila guztietan eragitea». Sumatzen ditu zailtasun batzuk horretarako; adibidez, Jaurlaritzak euskara kendu egin duela lurralde antolaketako gidalerroen ardatzetatik, nahiz eta gobernuak berak agindu duen herrietako hirigintza planen hizkuntza eragina neurtzeko. Zuzentzeko eskatu du Kontseiluak. Horrekin lotuta, arnasguneen garapenari buruzko ildo bat ireki dute, eta lan arloaz ere ari dira. Erakundeekin batera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna