Hamar urte arrakala bat estali ezinik

Lanordu bakoitzeko, emakumeek gizonezkoek baino %14 gutxiago jasotzen dute, Jaurlaritzaren arabera. Enpresei soldaten erregistro bat eginaraztea aztertzen ari da Espainiako Gobernua

Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
2008an, otsailaren 22a soldata arrakalaren aurkako eguna izendatu zuen Europako Parlamentuak. Igarotako hamar urteek ez dute, inondik ere, arazoa desagerrarazi. Eusko Jaurlaritzak kalkulatu duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gizonek baino %24 gutxiago jasotzen dute emakumeek. Lanaldi partzialean dauden hamarretik zortzi emakumeak izateak nolabait desitxuratzen du datu hori, baina lanaldi bera izanda ere, emakumeek bazterketa jasaten dute: lanordu bakoitzeko %14,3 gutxiago patrikaratzen dute emakumeek. Oro har, soldata txikiagoak ordaintzen dituzten enpleguetan aritzen dira, eta ardura handiagoko lanpostuetan gutxiago dira.

Arrakala salatu dute, bakoitzak bere erara, euskal sindikatuek. Jone Bengoetxea genero politikako arduradunaren artikulu batekin egin du ELAk. Horretan, emakumeek bete ohi dituzten lanpostuen balorazio eskasagoaren adibide argigarri bat eman du:bulegoak eta eraikinak garbitzen dituztenek (emakumeak) kale garbitzaileek (batik bat gizonak) baino %13 gutxiago irabazten dute; polizia etxeak eta epaitegiak garbitzen dituztenek, berriz, %7 gutxiago. Beste modu batera esanda, kale garbitzaile batek 3.000 euro gehiago patrikaratzen dituela urtean bulego bat garbitzen duenak baino. Gipuzkoako komisaria eta epaitegietako garbitzaileek 150 egun egin dituzte greban, parekatzea eskatzeko.

LABek, berriz, kalera eraman du protesta. Ostegunean, Emakunderen egoitza okupatu zuen, soldata arrakala «arazo politiko bat» dela ikusarazteko, eta Iruñean ere egin zuen protesta. Atzo, berriz, pikete feminista bat egin zuten Donostian, eta Osakidetzaren Gasteizko egoitzan elkartu ziren, salatzeko administrazioek ez dituztela neurriak hartzen arrakala txikitzeko, eta, are gehiago, azpikontraten bidez, arrakala hori indartzen dutela.

Euskadiko CCOOk, bere aldetik, ziurtatu zuen emakumeek «lanaldiaren %33 doan» egiten dutela. «Indarkeria ekonomikoa», Loli Garcia idazkari nagusiaren hitzetan.

Soldaten erregistroa

Soldaten arrakala ikusaraztea da Espainiako Gobernua aztertzen ari den neurri baten helburu nagusia. Enpresa guztiak, handi zein txiki, behartu nahi ditu soldaten erregistro bat izatera. Horretan agertu beharko lirateke lan maila bakoitzeko langileek zersoldata dituzten, osagarriak eta aparteko sarrerak barne. Enpresako langile guztiek izango lukete eskubidea erregistro hori kontsultatzeko.

Mailaka ez ezik, soldatak sexuka ere banatzea nahi du Madrilek, horrela agerian utziko dituelako emakumeak baztertzen dituzten enpresak. Genero baten batez besteko soldatak bestearenak baino %25 handiagoak badira, bazterketa badagoela frogatutzat joko du. Ikusteko dago dekretuak enpresa horiek zigortzeko neurriak ba ote dituen. Udan aurrerutako zirriborroek zioten soldaten gastuaren %0,11 eta %1,3rainoko isuna jasoko zutela soldata berdintasuna urratzen zuten enpresek.

Soldaten erregistroari buruzko dekretua datorren ostiraleko bileran onartu nahi du PSOEren gobernuak. Ondoren, hilabete bat izango lukete Espainako Gorteetako diputatuek dekretu hori onesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.