'Euskal Y'-aren amaiera beste urtebete atzeratu dute: 2024ra

Jaurlaritzak Espainiako Gobernua egin du erantzule. Aurreikusi du trenak 30 minutuan behin egotea eta zortzi euro kostatzea bidaiak

Arantxa Tapia sailburua Donostiako tren geltokian, atzo. J.I. UNANUE / IREKIA.
jokin sagarzazu
Donostia
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Abiadura handiko trenaren (AHT) euskal Y deituriko zatiaren lanek beste atzerapen bat izango dute. 2024rako espero dute amaitzea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuak lotuko dituen azpiegitura. Datak aldatuz joan dira urteotan. Aurreko agintaldian,Eusko Jaurlaritzak aurreikusi zuen 2019rako amaituko zutela; agintaldi honetan, 2023rako. Lanek, baina, urtebete gehiago iraungo dute, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak adierazi duenez.

Espero du AHTa martxan jartzea «2024ko urtarrilaren hasierarako». Tapiak Espainiako Gobernua egin du lanen atzerapenen erantzule. Otsailean, Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak aitortu zuen «zaila» izango dela euskal Y-aren obrak 2023rako prest izatea; ez zuen jarri amaiera datarik.

Tapiak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen lanaren %90 eginda dagoela, eta azpimarratu du Espainiako Gobernuan edozein egonda ere proiektua «geldiezina» dela. Adierazi du «bideratuta» daudela obra zibilen lanak eta hiru hiriburuetako geltokietarako sarreretakoak, eta uste du horiekin «batera» burutu daitezkeela falta direnak: besteak beste, errailak, elektrifikazio sarea, transformadoreak eta trenen zirkulaziorako elementu teknikoak jartzea. Kalkulatu du lan horiek urte eta erdi iraun dezaketela, eta adierazi du horiek hasteko ez dagoela zertan itxaron azpiegitura handiak amaitu arte.

«Tarifa soziala»

Jaurlaritza zerbitzuaren eskariaren azterketa eta prospekzioak egiten ari da dagoeneko. Tapiak azaldu du frekuentziak «lehiakorrak» izatea nahi dutela: puntako orduetan 30 minutuan behin abiatzea trenak hiru hiriburuetara; eta eguneko beste orduetan, 60 minutuan behin. Donostia-Bilbo eta Donostia-Gasteiz arteko bidaiek 45 minutu iraungo lukete; Bilbo-Gasteiz artekoek, 30 minutu. Prezioei dagokienez, gobernuaren asmoa da «tarifa sistema sozial bat» ezartzea; batez beste, zortzi euro bidaia bakoitzeko. Zerbitzua liberalizatzea aurreikusten du Jaurlaritzak, eta Euskotren izatea operadoreetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.