Sexu erasoak egiten zituen tatuatzaileari, 11 urteko zigorra

Epaileak hiru sexu eraso, sei sexu abusu, jazarpen delitu bat eta derrigortze arineko delitu bat egotzi dizkio Donostiako tatuatzaileari

Donostiako tatuatzailearen aurkako auzi saio bat, 2019ko irailean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
2014 eta 2018 artean hainbat emakumeri hiru sexu eraso, sei sexu abusu, jazarpen delitu bat eta derrigortze arineko delitu bat egiteagatik 11 urte eta hilabete bateko espetxe zigorrera kondenatu dute Donostiako tatuatzaile bat. Hamabi emakumek egindako salaketak aintzat hartuta epaitu zuten gizonezkoa Donostian, iazko irailean eta urrian egindako auzian, eta atzo eman zuten sententziaren berri. Espetxera joan beharko du erasotzaileak, beraz.

Tatuatzaile gisa egiten zuen lana baliatuta egin zituen leporatu dizkioten eraso horietako anitz: euren bezeroei ukituak eta irain sexistak egiten zizkien tatuaje estudioan. Baita bertze emakume batzuei ere: haren ikasle bati eta harekin etxe berean bizi izan zen emakumezko bati ere egin zien eraso. Sakelako telefonoaren bidez jazartzen zitzaien bertze batzuei, eta irainka aritzen.

Joan den irailean eta urrian epaitu zuten tatuatzailea, Donostian, hamabi emakumeri egindako erasoengatik, eta, azken auzi saioaren ondoren, baldintzapean aske uztea erabaki zuen epaileak, espetxean urte eta erdi eman ondotik. Epaileak argudiatu zuen libre uzten zutela, gero absolbitzekotan, espetxean jarraitzeak «kalte erreparaezina» eraginen liokeelako. 11 urte eta hilabete bateko espetxe zigorra ezarri diote orain, eta kalte-ordainak ere ordaindu beharko dizkie biktimei.

Fiskaltzak 28 urteko espetxe zigor eskaera egina zuen epaiketaren azken saioan, eta defentsak, berriz, absoluzioa galdegina zuen. Donostiako Udaltzaingoak 2018ko otsailean atxilotu zuen tatuatzailea, eta, guztira, 21 emakumeren salaketak jaso zituen, 2013tik aitzina egindako erasoengatik. Hamabirenak iritsi ziren azkenean epaiketara.

Epaileak berretsi dituen akusazioak ere hasieran baino gutxiago izan dira: epaiketaren bukaeranhiru sexu eraso, zazpi sexu abusu, hiru jazarpen delitu eta derrigortze bat leporatu zizkioten akusatuari. Sexu abusu kasu bat gutxiago eta bi jazarpen delitu gutxiago egotzi dizkio epaileak azkenean.

Tatuatzeko orratzaren pean

Biktimetako batek sare sozialetan eman zuen tatuatzaileak egin zionaren berri, eta orduan hasi ziren gainontzeko emakumeak ere erasoak salatzen. Epaiketan zehar biktimek testigantzen bidez erakutsi zutenez, jarduteko era antzekoa zuen denekin. Erraterako, lekuz kanpoko lausenguak egiten zizkien: «Zer azal zuria daukazun», «zer ezpain mamitsuak dituzun», «zuk bai begi ederrak»... Galdera desegokiak: «Mutil lagunik baduzu?», «non bizi zara?»... Gela itxi batean hartzen zituen, eta tatuajeak egiteko orratza martxan jartzean hasten zen oldartzen, mendean zituela. «Halako hitzek txiki-txikia egiten zaituzte», azaldu zuen emakumeetako batek. «Sinetsi ere ez duzu egiten zer ari den gertatzen, eta blokeatu egiten zara». Eraso fisikoak ere egin zizkien: ukituak egiten zizkien, hura ukitzera behartzen, edota erdizka biluzi eta euren gainera botatzen zuen bere burua. Andreek salatu zuten erasoak aztarna utzia ziela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.