Hezkuntzan

2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Ulergaitza ez, sinestezina ere egiten da, pandemia egoera honetan ekitaldi guztietako edukiera erdira-edo jaitsita dagoenean, hezkuntzan gelako ikasle ratio berarekin jarraitu behar izatea, zeren erabaki hori osasunaren eta hezkuntzaren kontrakoa baita. Ikasle erdiei gelan eta beste erdiei telematikoki irakatsi beharko diegun egoera ere aurreikusita dago. Oraingoan zoratzen ez bagara, miraria izango da.

Itxialdi edo konfinamendu egoeran telematikoki irakastera behartuta egon garenean, irakasleon lana ugaritu egin da mila bider. Ehun ikasle baino gehiago izanda (batxilergoko sei talde izanez gero, 168 ikasle ditu Euskara irakasle batek), lana amaiezina da, eguneko ordu guztiekin ere ezin heldu, eta, gainera, ikasleak euskara galtzen ari direla eta atzeraka doazela ikusteko. Nik behintzat horrela ikusi dut argi eta garbi, aurrez aurreko klaseetako azken idazlanak eta konfinamendu egoerako disparateak konparatuz. Arrazoia ezin argiagoa da: alde batetik, zoritxarrez, ikasle batzuek euskararekin duten lotura bakarra institutua da, eta hori euskalduna dela esango genukeen inguruan irakasten dudala (Gernika); eta, bestetik, gizakiok aurrez aurreko harremanak behar ditugu, eta irakasle guztion eguneroko aurrez aurreko jarduna guztiz nabarmentzen da ikasleen ikasketa eta aurrerakuntzan.

Beraz, berez teknologiazalea ez naizela, argi eta garbi ikusi dut teknologia bidez ezin dugula aurrez aurreko lana ordezkatu. Bonbardaketa telematikoan ikasle batzuk gaixotu egin dira; beste batzuek, gaixotu ez diren arren, ez dute lan telematiko bakarra ere egin, eta teknologia bidezko atzerakuntza orokorraren erdigunean nabarmen-nabarmenak egin zaizkit joera gaizto bi. Bat, iruzurrerako joera. Idazlan eta lan guztiz autentiko, pertsonal eta hunkigarriak ere jaso ditudan arren, ikasle askok kopiatzera eta iruzurrera jo dute, eta hori ariketa guztietan irakurketa eta hausnarketa pertsonala eskatu dudala (ez ditugu PISA emaitzak behar irakurketan eta batez ere euskaraz irakurtzean dagoen zulo erraldoiaz jabetzeko; gutxi erabiltzen den hizkuntzan gutxik irakurri gura dute). Baina ikasleek kopiatzen egin dituzten lan zein azterketei buruz gure ikastetxeko zein beste ikastetxeetako beste irakasleei ere entzun diet, teknologian guztiz jantziak diren eta beste ikasgai batzuetakoak diren (Matematika, Biologia…)irakasleei ere bai. Eta ezin dut esan barik utzi teknologiaren erabileraz guztiz azpimarratuta geratu zaidan beste joera makurra, hurkoa kontrolatu nahiarena, zeren, esaterako, larunbat iluntzean har dezakezu hogei egun barru egin beharrekoari buruzko agindu-oharra.

Berriro ere, hezkuntza barik gizakion hezkuntza falta edo, hobeto esanda, heziezintasuna dira nabarmen-nabarmenak. Pena itzela eman dit bisoi granjaren albisteak, bestela ere gizakiontzako jantzi garestietarako sakrifikatzeko ziren bisoien sakrifizioak, zaintzen zituen gizakiak koronabirusaz kutsatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.