Ekonomiak ez du martxa hartu: %0,2 hazi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Jaurlaritzak espero zuen baino lau hamarren okerragoa da urte arteko tasa: -%2,9. Jaurlaritzak uste du txertaketa bizkortzean etorriko dela susperraldia

Iker Aranburu.
2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Begi bistakoa dena baieztatu dute kontu ekonomikoen lehen datuek: ekonomia ez da suspertu 2021. urtearen hasieran. Ez doa atzera —eta hori bada zerbait joan-etorriek eta hainbat jarduerak dituzten muga handiak ikusita—, baina aurrera ere ez asko: Eustaten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %0,2 hazi zen urteko lehen hiruhilekoan. Hiruhileko arteko tasa da hori, eta, oraintxe bertan, horrek erakusten du argien ekonomiaren susperraldia berandutzen ari dela.

Urte arteko tasa, berriz, negatiboan dago oraindik ere, baina ez aurrekoetan bezainbeste; izan ere, -%7,6tik -%2,9ra igaro da. Kontuan hartu behar da 2020ko lehen hiruhilekoan egin zuela lehen aldiz atzera BPGak (-%3,2), konfinamendu aginduaren ondorioz. Horren azpitik geratzeak agerian uzten du berreskuratu beharreko jarduera ekonomikoa handia dela oraindik, 2021erako egindako aurreikuspenak baikorregiak zirela, eta denbora gehiago beharko dela 2020ko udaberriko lehen olatuarekin galdutakoa berreskuratzeko.

Pentsatzekoa denez, orain hasi berri den bigarren hiruhilekoan jauzi handia egingo du urte arteko BPGak, eta tasa positibo ikusgarri bat erakutsi. Edonola ere, efektu estatistiko hutsa izango litzateke, iazko bigarren hiruhilekoko amiltzearekin alderatuko baita (-%19,5): hau da, ez da hazkunde sendo bat izango, errebote estatistiko bat baizik.

Baliteke, ordea, hirugarren hiruhilekotik aurrerako datuek egoera normalago bat islatzea, ez baitituzte konfinamenduaren datu distortsionatzaileak erakutsiko, haren biharamuna baizik. Gainera, ordurako aurreratuta egon beharko luke txertaketa kanpainak, eta, espero denez, gaur egun beren jarduera murriztuta duten sektore batzuk egoera irekiago batera itzuliko dira.

Horren esperoan dago Eusko Jaurlaritza ere. Ontzat hartu ditu Eustatek aurreratutako datuak, eta nabarmendu du hazkunde tasa positiboak gertatu direla azken hiru hiruhilekoetan. Ekonomia Sailak gogorarazi du hirugarren olatuak otsailaren erdialdera jo zuela goia eta horrek zenbait neurri murriztaile eragin zituela. «Horregatik, litekeena da ziklo ekonomikoan hazkunde sendoagoak ikusten ez hastea, harik eta, txertoen bidez, taldeko immunitate-maila nahikoa lortu eta nolabaiteko normaltasunera itzuli arte».

Urtean, %6,7 gora

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak onartu du urteko lehen hiru hilabeteetan hazkundea uste baino txikiagoa izan dela. Hiruhileko arteko daturik ez zuen aurreratu gobernuak, baina urte arteko tasa -%2,5era iristea espero zuen, eta hortik lau hamarrenera geratu da. «Txertatzearen erritmoa bizitu eta nolabaiteko taldeko immunitatea lortzen ez den bitartean, [hazkundearen] erritmoa uste baino motelagoa izango da».

Jaurlaritzak oso iragarpen baikorrekin hasi zuen urtea—+%8,6—, baina martxoan jada tonu goibelago bat hartu zuen, ikusita bigarren eta hirugarren olatuak geratzeko jarduera ekonomikoa moteltzeko neurriakhartu zituela. Eguneratutako aurreikuspenek diote Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %6,7 handituko dela aurten —iaz %9,5 txikitu zen—.

Enpleguaren bilakaera, berriz, Jaurlaritzak iragarritakoa baino pixka bat hobea izan da: urte arteko tasan enplegua %2,5 txikitzea espero zuen, eta %2,1 txikitu da, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetan neurtua. Hiruhileko arteko tasa ere hobea izan da barne produktu gordinarena baino, % 0,5 handitu baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.