Gasteizko Michelin 11 egunez itxita egongo da abenduan

Gurpil erraldoien eskaria murriztu dela argudiatu dute. Langileen batzordeak uste du neurriak lotura duela hitzarmenaren negoziazioarekin

Gasteizeko Michelinen lan egiten duen behargin bat, gurpil erraldoi bat aztertzen. MICHELIN.
Irune Lasa.
2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Michelinek Gasteizen duen lantegiko zuzendaritzak erabaki du abenduan lana bost egunez etetea. Gurpil erraldoien ekoizpen lineetan egingo dute hori. Bost egun horiek abendu amaierako jaiei batuko zaizkie, eta, ondorioz, guztira 11 egunez egongo da fabrika itxita, abenduaren 20tik 31ra.

Obra publikoetako, ingeniaritza lan handietako eta meatzaritzako ibilgailuetarako gurpil erraldoiak dira Michelinen Gasteizko lantegiaren ekoizpenik garrantzitsuena. Zuzendaritzaren arabera, gurpil berezi horien eskaria murriztu egin da aurten, eta datorren urtean are gehiago apalduko da.

Etenaldiak 1.700 langileri eragingo diela kalkulatu dute —3.500 behargin ari dira Michelinen—, baina haiek ez dute igarriko aldaketarik soldatetan, halako ekoizpen gorabeheretan indarrean sartzen baitira haien lan baldintzetan ezarritako malgutasun neurriak. Ondorioz, egun horiek opor izango dituzte; urteko oporrak beteak dituztenek, berriz, gero enpresari itzuli beharko dizkiote abendu bukaerako opor egun berri horiek.

Langile batzordeko ordezkariek Efe berri agentziari adierazi diotenez, ekoizpen etenaldi hori lotuta egongo litzateke lan hitzarmen berrirako negoziazioekin. Gogoratu dute ezen 2012. urtean ere, langileak eta zuzendaritza lan baldintzak negoziatzen ari zirela, enpresak soilik hilabete batzuetarako ekoizpena programatu zuela. Eta hitzarmena sinatu eta gero, «ekoizpen betean» aritu ziren. Sindikatuek diote «egoera orokorra ona ez bada ere» ez dela horren «larria», eta zuzendaritzaren negoziatzeko estrategia aipatu dute.

Gurpil erraldoien ekoizpena eten egingo bada ere, autoentzako ibilgailuen produkzioa ez da murriztuko; alderantziz, abenduaren 6ko eta 7ko jaiegunak ere lanegunak izango dira linea horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.