Espainiak ahalik eta azkarren hilkutxan nahi gaitu

Ainhoa Negeruela, Olatz Mendi, Unai Lamariano eta Unai Apaolaza
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Pentsioak defizitarioak direla diote, ekonomikoki ez direla jasangarriak. Pentsioak logika ekonomizista huts batetik ulertu behar ditugula diote, ezin dela bestela. Momentuko langileok sartzen dugun diru kopuruak baldintzatu behar dituela pentsioak. Pertsonon ongizatea, halabeharrez, merkatu librearen logikaren esku dagoela ematen digute aditzera.

Hala ere, beharrezkoak ez diren eta ekonomikoki defizitarioak diren AHTa eta Donostiako metroa bezalako lanak merkatu librearen logikatik kanpo uzten dituzte, diru publikoa esku pribatuetara eramateko asmoz. Hormigoiari pertsonoi baino balio handiagoa ematen dion estatu batean bizi gara. Balizko etekin ekonomikoak edadetuon ongizatearen gainetik jarriz, logika ekonomiko aseezin horren atzaparretara bota gaituzte.

Pentsioak logika ekonomiko huts batetik ulertzeak, pentsioen degradazioa eta, ondorioz, pentsiodunon bizitza kaltetzea dakar. Irabazi ekonomikoak beharrean, pentsioek pertsonon bizitzetan sortzen dituzten irabaziak dira pentsioen bideragarritasuna neurtzeko modu egokia; nahiz eta horrek, kasuren batean, momentuan gizarte segurantzansartzen dugun baino diru gehiago behar izan. Gure ustez, herri batentzat jasangarria ez dena da edadetuon eta etorkizuneko pentsioniston bizitzak degradatzea.

Pentsioak logika ekonomizista huts batetik ulertzearen beste ondorio bat berauen pribatizazioa da. Pentsio publikoak duintasuna galtzen doazen neurrian, pentsio pribatuen beharrezkotasunaren ustea indartuz doa. Modu natural batez, gero eta langile gehiagok pentsio pribatuen hautua egiten du etorkizunean pentsioek okerrera egingo dutela sinetsita. Mezu hori, gero eta modu esplizituagoan Espainiako Gobernutik eta hegoaldeko gobernu autonomikoetatik bultzatzen da. Espainian jarraituz gero, edadetuon gehiengoa pobrezian bizitzera kondenatuta egongo gara; bizitzaren azken geltokiak bizitza duinik gabe bizitzera kondenatuta egongo gara.

Espainiak azken urte hauetan egin dituen eta egitera doan aldaketa guzti guztien xedea da oraingo, eta batez ere etorkizuneko, pentsioniston bizitzen kontura dirua aurreztea; ez herritarron bizi baldintzak hobetzea. Erretiro adina atzeratzea, erretiro-aurreraketa penalizatzea eta kotizazio urteak luzatzea bide horretan doazen erabakiak dira. Espainiako balizko gobernu aurrerakoienaren mugak, kontu honetan ere, agerian ari dira gelditzen. Bizitza edo kapitalaren dikotomiaren aurrean beti kapitalaren alde egin du. Bizitzaren alde gaudenontzat Espainian ez dago etorkizunik. Espainian ezin da, eta kito.

Espainiak, pentsioen logika ekonomizista hutsean sakonduz, hilkutxan sartu nahi gaitu ahalik eta azkarren; modu honetara dirua «aurreztuko» baitu. Guk, berriz, bizi egin nahi dugu. Horregatik, euskal herritarrok bizitzeko dugun aukera bakarra pertsonak kapitalaren gainetik jartzen dituen euskal errepublika dela ozen diogu. Euskal errepublikarik ezean, orain lanean gabiltzanok bizitzako azken geltokiak miserian igaroko ditugula badakigu. Euskal errepublika ala heriotza, guk bizitza aukeratu dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.