Kooperatibismoaren esperientziari musika jarri dio Mondragonek

'Humanity at music' plazaratu du Arrasateko taldeak, musika eta literatur obra ohiz kanpokoa

Humanity at music obran parte hartu duten egileetako batzuk eta Mondragoneko hainbat gidari, atzo. M. DEL VALLE / FOKU.
xabier martin
Arrasate
2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Mondragonek ez zuen hitz egin atzo industriari buruz; ez zituen datu ekonomikoak jakinarazi, ezta jarduera enpresarialarekin lotutako beste aldagairen bat azaldu. Arteak bete zuen Arrasateko korporazioaren egoitza, Humanity at music obra plazaratzeko eguna izan zelako. Artearen diziplina desberdinak uztartzen dituen obra da, baina musika gailentzen da proiektuan, kooperatibismoari bere sinfonia ematea izan baita korporazioaren nahia. Musika sinfonikoarekin, ordea, kontakizun laburren literatura, bertso idatziak, ilustrazio lana eta eszenaratzea bildu ditu Mondragonek. Taldeko kohesioa bultzatzeaz gainera, «ingurunearen aitortza ere» eskuratzea da proiektu berezi horren xedea .

Finean, euskarazko kultur ekoizpena sustatu du Humanity at music egitasmoak, kooperatibismoa sormenaren funtsean jarri, eta egileek beren ekarpen libreak egin ditzaten hauspotuz. Irati Jimenez, Katixa Agirre, Pili Kaltzada, Andoni Egaña. Amets Arzalluz, Onintza Enbeita, Jon Sarasua, Fernando Velazquez, Maite Mutuberria... asko dira askotariko diziplinetan aritu direnak euskaraz sortzen, ondoren gaztelaniara eta ingelesera itzulitako obran; elkarlanean, kooperatibismoaren arimaz aritu dira guztiak, «baina Mondragonen gorazarre hutsetik ihesi», egile batek baino gehiagok azpimarratu zuenez.

Zazpi piezak osatzen dute Humanity at music sinfonia. Maite Mutuberria ilustratzaileak bere marrazkiz josi duen liburu korala da fisikoki dagoena, eta han esteka bat aurki daiteke Fernando Velazquez konpositorearen obra eskuratu eta entzuteko; Jon Sarasuak jarri dizkio hitzak musikari, Mondragonen iragana eta oraina sakon ezagutzen duen sortzaileak. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak interpretatu du obra, eta 2019ko irailean 14an taularatuko dute, Gasteizko Buesa Arenan. Kukai dantza taldeak bere ekarpena egingo du han; besteak beste, Hanka bat lurrean, bestea airean pieza eszenaratuz. Mondragonen egungo funtsa ongi laburtu dezake lelo hori. Taularatze nagusi hori baino lehen, ordea, iritsiko dira herriz herriko emanaldiak, Arrasaten bertan lehena, urte berriarekin batera.

Aitortzaren bila

«Gure arima lotzeko elementuak falta genituen akaso», esan zuen Mondragoneko Batzorde Iraunkorreko presidente Javier Goienetxeak; «parte-hartze sentipena indartu behar dugu, eta gure esperientziari jarritako musikak eta hitzek lagunduko digute».

Mondragoneko presidente Iñigo Uzin harro azaldu zen taldeak ekoitzitako obrarekin. «Hau ere bada Mondragon estiloa», esan zuen. «Proiektu hau kooperatibismoa da, eta, haren bidez, gure presentzia indartu nahi dugu gure inguruan, aitortza handiagoa lortu, sarritan ez dugulako lortzen behar genukeen bezainbeste».

www.humanityatmusic.com estekan eskura daiteke sinfonia bera eta obrari buruzko informazio guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.