'Brexit'-erako lege proiektua onartu du Erresuma Batuko Parlamentuak

Johnsonen planak 358 diputaturen babesa lortu du. Epea ez luzatzeko klausula bat ezarri dute

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, Westminsterren, Londresen. EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Duela hiru urte eta erdi abiatutako prozesu nekezak, amaiera izango ez zuela ematen zuenak, eta tarteka bertan behera geldituko zela pentsatzera ere eraman duenak, egun gogoangarria izan zuen atzo, amaieraren hasiera inoiz baino gertuago baitago orain. Erresuma Batuko Parlamentuak Boris Johnsonen brexit-erako lege proiektua sostengatu zuen atzo, 358 diputaturen babesarekin. Komunen Ganberan lortutako gehiengo zabala baliatu du lehen ministroak testua aurrera ateratzeko; izan ere, iragan asteko bozetan 366 ordezkari lortu zituzten kontserbadoreek, duela bi urte baino 48 gehiago.

Johnsonek bozen biharamunean bertan adierazi zuen emaitza horiekin «beste galdeketa baten mehatxu zitala» amaiarazi zutela, eta atzo, bozketaren atarian, iragarri zuen «nazioaren historian kapitulu berri bat idazteko garaia» zela. Batasunaren aldeko mezua ere helarazi zuen.

Orain dela gutxi arte ezinezkoa zirudiena lortu du lehen ministroak, aurreko bozketetan diputatuek emandako ezezko etengabeen ostean, atzo lehenengo bozketan eta 124 botoren aldearekin lortu baitzuen baiezkoa —kontrako 234 boto jaso zituen testuak—.

Brexit-a «urrats bat gertuago» dago. Johnson pozarren zegoen. Heldu den urtarrilaren 31n gauzatuko da irteera. WAB Ateratzeko Lege Proiektua Parlamentuko batzordera eramango dute orain, eta han, helegiteak aurkeztea badago ere, litekeena da trabarik ez aurkitzea. Lorden Ganberatik Eguberrien ostean pasatuko da, eta, berez, urtarrilaren 31rako denak prest behar luke.

Erresuma Batua beranduenez egun horretan aterako da Europako Batasunetik. Johnsonek, gainera, ez du atzerapenik nahi. Atzo onartutako testuak espresuki jasotzen du trantsizioa 2020ko abenduaren 31tik aurrera luzatzeko debekua. Klausula berezi horren bidez, epea hirugarrenez atzeratzea saihestu nahi izan dute. Johnsonek Prometeoren parabolarekin parekatu du egoera «mendira kateatuta, arranoak egunero haren gibela jaten, egunero hazten bazitzaion ere» ziklo hori «betiko errepikatuz».

Trantsiziorako epea

Ez da ahaztu behar bitan luzatu dela irteerarako data. 2016ko ekainean egin zen erreferendumean herritarren %51,9k egin zuten baiezkoaren alde. Gobernuak 2017ko martxoan iragarri zuen batasunetik aterako zela, eta bi urteko prozesu bati ekin zion orduan, berez aurtengo martxoaren 29an amaitu behar zuena. Erresuma Batuko Parlamentuak, baina, hirutan bozkatu zuen akordioaren aurka, azkeneko aldiz urrian, eta, hortaz, berriz luzatu zen berez iragan urriaren 31n amaitua behar zuen prozesua.

Johnsonek bozetara deitu zuen korapiloa askatzeko, eta bete-betean asmatu zuen taktika politiko horrekin. Europako Batasunarekin urrian adostutako akordioaren arabera, heldu den urteko amaierarako bukatuta behar luke trantsizioak, eta epea betetzeko hitza ere beteko duela dirudi.

WAB Ateratzeko Lege Proiektuak bestelako berezitasunak ere baditu. Aurreko testuak zituen xedapen batzuk ezabatu dituzte, eta parlamentuaren eragina mugatuagoa izango da uharteak estatu kideekin egingo dituen merkataritza itunak zehazteko orduan. Klausula bat ere ezabatu da: Europako legediak babesten dituen lan baldintzei eusteko konpromisoa jasotzen zuena.

Europako Batasunak ongietorria eman zion bozketaren emaitzari. Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearen hitzetan, «urrats garrantzitsua» da emandakoa, eta aurrerantzean «ezinbestekoa» izango da «joko zelaia parekatuta» egotea.

Laboristen kritika

Alderdi Laboristak gogor kritikatu zuen testua. Johnsonek aurretik hitzartutakoa «jada txarra bazen» oraingoa «okerragoa» dela uste dute laboristek. Ez dute begi onez ikusten batasunetik ateratzea artean merkataritza ituna adostu gabe egonda, eta, ohartarazi dutenez langileen eskubideak bermatzen dituzten arauak arriskuan daude. Ingurumen politikak ere kaltetuta aterako direla uste dute.

Laboristek, baina, nahikoa zeregin daukate etxe barruan. Alderdiak kolpe latza jaso zuen abenduaren 12ko hauteskundeetan, azken 80 urteetako emaitza okerrenak eskuratu baitzituen. Jeremy Corbynen taldeak 59 barruti galdu zituen, eta 203 ordezkarirekin geratu da parlamentuan. Buruzagi laboristak biharamunean bertan iragarri zuen alderdiko gidaritza utziko zuela, baina haren ordezkoa bilatzeko prozesuak laborismoaren bi adarren arteko arrakala zabaldu du. Brexit-a zalantzarik gabe babesten zutenen eta bigarren erreferenduma egitea defendatzen zutenen arteko zatiketa inoiz baino ageriagoa da. Corbynen anbiguotasuna horregatik ulertzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.