Ate bat txinatarren bidean

Bruselak trabak jarri nahi ditu laguntza publikoak dituzten atzerriko enpresek EBkoak eros ez ditzaten

Margrethe Vestager eta Thierry Breton, atzo, Bruselan. KENZO TRIBOUILLARD / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiak Europako enpresetan eragin dezakeen merkealdia zapuztu nahi die Europako Batzordeak Txinako enpresa publikoei. Laguntza publikoak jasotzen dituzten EBtik kanpoko enpresei betoa jarri ahal izatea proposatu du Bruselak. Ez dago batere garbi proposamenak aurrera egingo ote duen edo zer itxurarekin egingo duen, Txinak aliatu batzuk lortu dituelako EBren ekialdean eta hegoaldean, inbertsioak agindu ostean.

Batzordeak atzo aurkeztutako liburu zuriak ez du espresuki Txina aipatzen, baina proposamenak egitean herrialde horretako enpresak izan zituzten buruan Margrethe Vestager Batzordeko lehendakariordeak eta Thierry Breton Barne merkatuko komisarioak. Zehatzago esateko, Txinako enpresa publikoak eta sasi-publikoak, haien finantza giharra diru publikoari esker lortutakoa izatea baita EBren argudioa erosketak trabatzeko.

Bruselak uste du aurki hasiko direla EBko konpainiak merke-zurrean erosteko eskaintzak. Erosteko garaia da, enpresa askomerke daudelako, dela burtsak jaitsi egin direlako, dela oso ahul daudelako hainbat astez diru sarrerarik gabe geratu ondoren.

Europako Batasuna «merkatu irekia» dela eta hala izan nahi duela aldarrikatu zuen Vestagerrek, baina argi utzi nahi izan zuen denak ez duela balio: «Adi egon behar dugu. Horregatik, tresna egokiak behar ditugu bermatzeko atzerriko diru laguntzek ez dutela geure merkatua itxuraldatuko. Merkatu librea gakoa da Europaren ongizaterako, baina soilik funtzionatuko du araudia parekatua bada».

Laguntza publikoei buruzko araudi zorrotza du EBk. Debekatu edo zaildu egiten du estatu kide batek edo haren menpeko administrazio batek zailtasunetan dagoen enpresa bat salbatzea, erabaki horrekin lehiakideei kalte egiten diela argudiatuta. Arrazoi hori bera eman zuen Jaurlaritzak, Sestaoko Naval ontziola ez erosteko. Egia da, ordea, interes militarrak argudiatuz gero eskuzabalago jokatu ohi duela Bruselak; esaterako, aukera eman zion Frantziako Gobernuari Bretainiako Chantier de l'Atlantique ontziolan esku hartzeko, gerraontziak egin behar zizkiolako.

Egiaere bada Bruselak aldi baterako utzi duela koronabirusaren krisiaren berezitasunaren ondorioz laguntza publikoei buruzko araudi murritza, eta estatuen esku hartzea onartzen ari dela.

Hiru tresna

Hiru tresna proposatu ditu Bruselak atzerriko enpresen gaineko kontrola handitzeko. Lehenengoaren bitartez bermatu nahi du laguntza publiko batek lehia bidegabea ez sortzea;bigarrenaren bidez, berriz, jakin nahi du enpresa batek bere gobernuaren laguntza jaso ote duen EBko enpresak erosteko. Hirugarren tresna jarri nahi du martxan lehiaketa publikoetan parte hartu nahi duten enpresak kontrolatzeko.

Batzordeak eskumena izango luke EBko merkatuan lan egiten duten atzerriko enpresak ikertzeko, eta, lehia bidegabea egiten dutela ikusiz gero, aktibo batzuk saltzera behartzeko. Norbaitek eskatutakoa egingo ez balu, Bruselak aukera izango luke erosketa bat geratzeko edo atzera botatzeko. Lehiaketa publikoen kasuan, laguntza jasotakoa tarte batean lehiaketetan parte hartzeko debekua ezarri ahal izango luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.