Hagako fiskaltzak Filipinetako Gobernua ikertzeko eskatu du

Rodrigo Duterte presidenteak ohartarazi du ez duela parte hartuko bere aurkako ikerketan

Fatou Bensouda, Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal nagusia. EVA PLEVIER / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Duela bi urte, Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal nagusi Fatou Bensoudak aurreratu zuen bazirela «zantzuak» esateko Filipinetako Gobernuak gizateriaren aurkako krimenak egin zituela «drogen aurkako gerra» deiturikoan. Aste hasieran, baina, berretsi egin ditu ondoriook, eta ikerketa ofizial bat zabaltzeko eskatu dio nazioarteko auzitegiari. Fiskaltzak zabaldutako komunikatuaren arabera, frogak leudeke ondorioztatzeko Poliziak eta «agintarien esanetara zeuden bestelako norbanakoek» milaka herritar hil zituztela 2016ko uztailetik 2019ko martxora bitartean.

Filipinetako presidente Rodrigo Dutertek gogor jo zuen atzo eskariaren aurka, eta aurreratu zuen bere gobernuak ez duela parte hartuko ikerketa horretan. Egun, Filipinak ez dira Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide, baina aipatu urteen artean bai, eta, beraz. Hagako auzitegiak baluke eskumenik ikerketa hori zabaltzeko. Duterteren arabera, ordea, «zentzugabea» litzateke halako ikerketa bat abiatzea estatuaren elkarlanik gabe, fiskaltzak «zurrumurruetan soilik» oinarritu beharko lukeelako. «Orain arte galdekatu dituzten ustezko lekuko guztiak presidentearen etsaiak dira», salatu zuen estatuburuak. Ideia bera berretsi zuen haren bozeramaile Harry Roquek ere, eta ikerketa «erabat politikoa» dela salatu: «Nazioarteko Zigor Auzitegiak ez du eskumenik hemen, eta, izango balu ere, Poliziak eskubidea du bere burua defendatzeko drogen aurkako operazioetan». Hain zuzen ere, hori da segurtasun indarren argudio nagusia, «gaizkileek» aurre egiten dietenean soilik egiten dutela tiro, beren buruak «defendatzeko».

Aldiz, AI Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak «mugarri» gisa deskribatu zuen Bensoudaren eskaria: «Milaka familiak euren senide eta lagunei zer gertatu zitzaien argitzea behar dute, eta horretarako bidea zabalduko luke ikerketak». Izan ere, 2016an Duterteren agintaldia hasi zenetik, 8.000 pertsona inguru hil dira droga trafikoarekin lotutako operazioetan, gobernuak berak emandako datuen arabera; gobernuz kanpoko erakundeek, berriz, uste dute askoz handiagoa dela benetako kopurua. Ez da nazioarteko erakunde batek Duterteren politikak kritikatzen dituen lehen aldia. Iaz, Nazio Batuen Erakundeak salatu zuen exekutiboa bera dela indarkeria sustatzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.