Demokraten arteko lehiak oztopo, planak onartzerakoan

Bidenek egitasmo sozialera bideratu nahi duen diru kopuruaren kontra agertu da AEBetako Alderdi Demokrataren sektore kontserbadore bat

Nancy Pelosi demokrata, Ordezkarien Ganberako presidentea, atzo, Kapitoliora iristen. JIM LO SCALZO / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Abuztuan Senatuan onartua izan ondoren, azpiegituretarako bilioi bat euro pasako AEBetako Gobernuaren plana ontzat ematekoak ziren, herenegun, AEBetako Ordezkarien Ganberan. Baina ezin izan zuten onetsi, Alderdi Demokrataren barruan dauden tirabirak direla eta. Joe Biden presidenteak beste plan bat ere nahi du aurrera eraman, eta programa sozialak hedatzea, klima larrialdiari aurre egiteko neurriak gauzatzea, eta enpresa handiei zein norbanako aberatsei ezarritako zergak handitzea du helburu, besteak beste. Plan horren aurrekontua hiru bilioi euro ingurukoa izatea dute asmo Etxe Zuriak eta alderdiaren kide aurrerakoiek, baina ezkerrera begiratzen ez duten Alderdi Demokratako diputatu eta senatariek diru gutxiago bideratu nahi dute: bilioi bat euro pasa, asteon Joe Manchin multzo horretako senatariak nabarmendu duenez. Horiek horrela, eta susmatuta plan soziala baztertuta gera zitekeela, demokrata aurrerakoiek adierazi zuten egitasmo sozialaren bueltan akordio bat lortu arte azpiegiturei eragiten dienaren kontra egingo dutela.

Nolanahi ere, gobernuak mezu positibo bat plazaratu nahi izan du. «Aste honetan aurrerapauso handiak eman dira, eta akordiotik inoiz baino gertuago gaude», nabarmenduzuen herenegun, ohar batean, Jen Psaki Etxe Zuriaren bozeramaileak. Alderdi Demokrataren bi korronteen arteko aldeak leuntzeko sukaldeko lanean ari dira Biden bera eta Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentea, baina gaur-gaurkoz ez du ematen akordio bat egiteko moduan direnik. Manchinek adierazi du «zerga erokeria bat» dela hiru bilioi euro bideratzea plan sozialera. Senatari demokratak lotura estuak ditu petrolio industriarekin.

Ilhan Omar Ordezkarien Ganberako diputatuak erantzun dio Manchini alderdiari agenda «hil nahi izatea» dela erokeria bat. Korronte aurrerakoiaren ordezkari nagusietako bat da Bernie Sanders senataria, eta iruditzen zaio gaia ezin dela «beisbol partida bat bezala» hartu. «Azken 70 urteotako lege egitasmo garrantzitsuena da».

Uztailean aurkeztutako proposamenean jaso zutenez, plan horren asmoa da osasun arreta zabaltzea, haurren zaintzarako bideak erraztea, ordaindutako lizentzia federalak ezartzea, eta klima larrialdiari aurre egiteko neurriak hartzea, esaterako; hori finantzatu nahi dute AEBetako aberatsei eta enpresa handiei zerga handiagoak ordainaraziz. Demokratak Kapitoliora itzuli ziren atzo, atzera, auziaz hitz egiteko.

Bezperan, Bidenen planen bozketa atzeratua izan aurretik, Kongresuak epea iraungitzeko ordu bakan batzuen faltan onartu zuen administrazioa ez ixteko lege proiektu bat, eta, horrenbestez, finantzaketa ziurtatua edukiko du abenduaren 3a bitartean. Epemuga hori baino lehen beste aurrekontu bat adostu beharko dute demokratek eta errepublikanoek, shutdown delakoa, agentzia eta azpiegitura federalen itxiera eragozteko.

Ordezkarien Ganberan 254 diputatuk bozkatu zuten alde, eta 175ek, berriz, aurka —demokratak gehiengoa dira—; Senatuan 65-35 izan zen bozketaren emaitza —50na senatari ditu alderdi bakoitzak goi ganberan—. Jatorrizko proiektuak ez zuen errepublikanoen oniritzirik, eta, horrenbestez, aurrera ateratakoa behin-behineko egitasmo bat da. Halere, Biden konforme agertu zen onartutakoarekin, iritzita herrialdearen «urgentziazko beharrak» asebetetzen dituela. «Asko dago egiteko. Baina proiektu hau onartu izanak erakusten digu posible dela bi alderdien arteko elkarlana. Denbora ematen digu epe luzeagorako funtsak onartu ahal izateko eta gobernuak AEBetako herritarrentzat funtzionatzen jarrai dezan».

Ondorio «katastrofikoak»

Behin akordio hori lortuta, arnasa hartu zuen Chuck Schumerrek, Senatuan demokraten liderra denak. «Itxaropen printza bat da». Izan ere, gogoratu zuen akordiorik lortu izan ez bazuten gobernua itxi beharko zutela. Eta datozen asteetan konpondu beharreko auzi bat dute: Kongresuak ez badu zorpetze muga berri bat adosten edo hori indargabetzen, ezingo die ordainketei aurre egin urriaren 18tik aurrera. Atzerapenen ondorioak «katastrofikoak» izan daitezkeela ohartarazi zuen ostegunean Jerome Powell Erreserba Federaleko presidenteak, Ordezkarien Ganberan; adibidez, pentsiodunei edo funtzionarioei egiten zaizkien ordainketak indargabetzea. Janet Yellen Altxorraren idazkaria ere behe ganberan mintzatu zen, eta eskatu zion Kongresuari zorpetze publikoaren auziari hel diezaiola.

Baina auzi honetan ere ez dirudi, oraingoz, akordio bat egiteko moduan direnik. Errepublikanoek ez dute zorpetzea bertan behera utzi nahi, uste dutelako hori eginez gero txeke zuri bat emango lieketela demokratei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.