Al-Aqsan otoitz juduak baimentzeak palestinarren sumina eragin du

PANek eta Hamasek salatu dute Jerusalemgo epaitegiaren erabakia «gerra deklarazio bat» dela

Palestinako fededun musulmanak otoitzean, Jerusalemgo Al-Aqsa meskitan. ATEF SAFADI / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Otoitzak ez du barealdirik ekarri. Errezo kontuek hauspotu dute oraingoan Israelen eta Palestinaren arteko gatazka. Otoitza ez baita adierazpen erlijioso hutsa Jerusalemgo Hiri Zaharrean egiten denean, 1967tik Israelek nazioarteko zuzenbidearen kontra okupatuta dituen lurretan. Hiri Zaharreko murruen barruan daude Al-Aqsa meskita eta haren inguruko Meskiten Zelaigunea —musulmanentzat balio sakratu handikoak—. Bada, aste honetan Jerusalemgo epaitegi batek ebatzi du musulmanek ez ezik juduek ere eskubidea dutela gune horretan otoitz egiteko; aurrekaririk gabeko erabakia da. Baldintza bakarra ezarri du: errezoa isila izatea. Erabakiak PAN Palestinako Aginte Nazionalaren eta Hamasen sumina eragin du. Horien esanetan, Israelek «gerra deklarazio bat» egin dio Palestinari.

Mohammad Xtayyeh PANeko lehen ministroak ohartarazi du epaitegiaren ebazpena gune erlijiosoaren estatusa aldatzeko eta «errealitate berri bat ezartzeko» urratsa dela. AEBei galdegin die Meskiten Zelaiko statu quo-a babesteko, eta herrialde arabiarrei Palestinarekiko elkartasuna adierazteko.

PANeko Atzerri Ministerioak, berriz, «erlijio gerra batera» deitzeko erabakitzat jo du, eta ziurtatu du «gune sakratua zatitzeko» helburua duela.

Hamasek protestara deitu du biharko, Palestina osoan. «Erresistentzia prest dago erasoei erantzuteko eta eskubideak babesteko». Hark ere musulmanen gune sakratua erdibitzeko asmoa ikusi du epaitegiaren erabakiaren atzean, eta nabarmendu du kolonoei bide emango diela «Al-Aqsaren kontrako krimenekin jarraitzeko». «Israelena izango da ekarriko dituen ondorioen erantzukizun osoa».

Al-Aqsa meskitaren inguruari Santutegi Noblea deitzen diote musulmanek, eta hirugarren tokirik sakratuena da haien erlijioarentzat, Mekaren eta Medinaren (Saudi Arabia) atzetik. Juduek, berriz, Mendiko Tenplua izenez ezagutzen dute ingurua, eta kanpoaldean dagoen Erosten Harresia erabili ohi dute otoitzerako.

Oinarri juridikorik ez

Gune sakratua Waqf Jerusalemgo Ondare Islamikoak kudeatzen du, Israelek eta Jordaniak hala adostuta, 1994an sinatu zuten bake itunean. Kanpoko segurtasunaz, berriz, Israelgo indarrak arduratzen dira. Musulmanak ez direnek eremura sartzeko aukera dute bisita orduetan, baina debekatuta dute han otoitz egitea.

Epaitegiak ezin du itun horretan jasotakoa bere kabuz aldatu, Khaled Zabarqa Al-Aqsako auzian aditua den abokatu palestinarraren iritziz, eta, beraz, ez dio balio juridikorik aitortu ebazpenari.

Jordaniako Gobernuak ere nabarmendu du erabakia «baliogabea» dela: adierazi du nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa dela.

Turkiak eta Egiptok eremu sakratuaren «estatus historikoa» errespetatzeko eskatu diote Israeli. Izan ditzakeen ondorioez ohartarazi dute: Al-Aqsako statu-quo-a higatu nahi duten taldeak hauspotzeko arriskuaz. Hori dela eta, Turkiak nazioarteari galdegin dio «legez kanpoko erabakia» baztertu eta salatu dezala.

Azken urteetan, Waqfk «judu-fanatiko taldeen erasoak» salatu ditu. Jordaniaren eta Israelen arteko itunak jasotakoaren kontra, Al-Aqsa ingurura sartu izan dira, eta ekitaldiak eta otoitzak egin dituzte han. Israelgo Gobernuak talde horiek babestu ditu, Meskiten Zelaigunea kudeatzen duen elkartearen arabera.

Al-Aqsako meskitaren auziak palestinarren eta muturreko talde juduen arteko liskar ugari eragin ditu. Joan den apirilean, Israelgo Polizia Al-Aqsan zeuden palestinarrei oldartu zitzaien. Istiluak izan ziren, eta azkar hedatu ziren Palestina osora. Gazatik lehergaiak jaurti zituzten puxika bidez Israelera, eta Israelek Gaza bonbardatzeari ekin zion maiatzean. 256 palestinar hil zituen 11 eguneko erasoaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.