Sasoia neurtzeko norgehiagoka

Athletic eta Reala Euskal Kopa irabazteko lehiatuko dira gaur, Zornotzako Urritxe futbol zelaian
Athleticeko Ainhoa Vicente eta Realeko Itxaso Uriarte elkar agurtzen iazko Lezamako derbian.
Athleticeko Ainhoa Vicente eta Realeko Itxaso Uriarte elkar agurtzen iazko Lezamako derbian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Xabier Regil Agirre -

2018ko irailak 1
Liga hasteko astebete falta da, baina Athleticek eta Realak egun duten sasoia neurtzeko aukera izango dute gaur, Zornotzako Urritxe futbol zelaian (16:00, ETB1). Euskal Herria Kopa irabazteko arituko dira nor baino nor gehiago.

EH Kopan Euskal Herriko futbol talde onenek hartu dute parte, baina finalera iritsi diren bakarrak Reala eta Athletic izan dira. Bi taldeen artean banatu dituzte orain arte jokatutako Euskal Herria Kopak: Realak bat irabazi du, eta Athleticek, sei azken bostak jarraian. Denboraldi-aurreko partida izan arren, gaurkoa ez da lehia arrunt bat izango; derbiak beti dira lehiatuak, are gehiago titulu bat jokoan denean. Hori nabarmendu du Ainhoa Tirapu Athleticeko kapitainak: «Lagunarteko berezia izango da, derbiak beti direlako lehiatuak».

Datorren asteburuan ekingo diote ligari bi taldeek: Realak El Medanon jokatuko du, Granadillaren aurka; Athleticek, berriz, Lezaman, Bartzelonaren kontra.

Indartsu iritsi da finalera Athletic, denboraldi-aurre bikaina egin baitu talde zuri-gorriak. Jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu, eta itxura ona eman du. Ez da aldaketa askorik izan taldean, aipagarriena Ane Bergarak taldea utzi izana da. Hark atzealdean utzitako lekua betetzeko, Marta Unzue fitxatu du Athleticek. Bartzelonatik dator iruindarra, hamabi denboralditan han jokatu ondoren. Tirapu gustura dago egin duten denboraldi-aurrearekin, eta jokatu dituzten partidetan ondo sentitu direla nabarmendu du.

Realak ere itxura ona eman du jokatu dituen partidetan, kontuan hartuta aurtengo denboraldian aldaketa asko izan dituela. Hainbat izan dira aurreko denboraldiaren amaieran taldea utzi zutenak: Claudia Zornoza, Cristina Cornejo, Itziar Gastearana, Leyre Fernandez, Titay Calvo, Naiara Beristain eta Michi Goto. Baina Gonzalo Arkonadak zuzentzen duen taldea ondo indartu da. Guztira sei jokalari fitxatu dituzte: Oihana Aldai atezaina, Maddi Torre atzelaria, Marta Cardona eta Sara Olaizola erdilariak, eta Kiara Palacios eta Carla Bautista aurrelariak. Sandra Ramajo Realeko kapitainak aipatu zuen gogotsu iritsi direla derbira: «Motibaziorik ez dugu falta finalerako». Ramajo denbora luzerako min hartuta dago. Ramajoz gain, talde txuri-urdinean ez dira ariko gaurkoan Mariasun Quiñones atezaina eta Nahikari Garcia aurrelaria, Espainiako selekzioarekin baitaude.

Giro aparta espero da

Koparen garrantzia nabarmendu du EH Kiroletako Kike Zurutuzak, eta emakumezkoen kirolaren balioa azpimarratu du. Aurreko urteetan bezala, finalean ere zaleen erantzun ona espero dute. Festa giroan jokatuko da partida, Urritxe futbol zelaian. Harmailak kolore txuri-urdinez betetzeko dei egin die zaleei Ramajok.

Sarrerak zazpi eurotan egongo dira salgai, baina 14 urtetik beherakoek eta Amorebietako bazkideek doan ikusi ahalko dute partida. Sarrerak salgai egongo dira Urritxeko leihatilan, eta Internetez ere eros daitezke EH Kirolak webgunean. Partida ikusteko sarrera erosten dutenen artean, zozketa bat egingo dute atsedenaldian, eta sari bikainak eskuratuko ditu zenbaki saritua duenak: lehen saria 2019an Frantzian jokatuko den Munduko Txapelketako finalerako bi lagunentzako sarrerak, bidaia eta egonaldia izango dira; bigarren saria Koikili aterpetxean familia egonaldia; hirugarren saria Boroa jatetxean bi pertsonentzako afaria. Sari horiez gain, jokalariek sinatutako elastikoak eta zinemarako sarrerak ere zozketatuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna