Jaizkibel konpainiako kideek esan dute ez dituztela ordainduko isunak

Desfile mistoaren jazarleak bakarrik ez, hautu parekidearen aldekoak ere zigortu ditu Ertzaintzak

Oihana Etxebarrieta kapitaina, azken alardean. Isuna jaso duteneko bat da. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Jaizkibel konpainiako kideek ez dituzte ordainduko azkenengo alardearen harira haiei ere Ertzaintzak jarritako isunak. Jakinarazi dutenez, 200 euroko bi isun jaso dituzte. Oihana Etxebarrieta kapitaina eta Izaskun Larruskain kapitain ohia zigortu dituzte. Halaber, azaldu dute konpainia parekideari babesa ematen Hondarribiko Kale Nagusian ikusle zeuden hiru pertsonak ere jaso dituztela isunak, eta ordaindu egin dituztela. Mozal lege deiturikoa oinarri hartuta zigortu dituzte denak. Haiez gain, kale berean Jaizkibelen aurka egin zuten sei pertsona ere zigortu dituzte, Hondarribiko Emakumeak taldeak—alarde mistoaren aurka dihardu— jakinarazi duenez. Isun horiek 600 eurokoak direla azaldu du.

Azken urteetako egoera makurrenean desfilatu behar izan zuen iragan irailaren 8an Jaizkibelek. Aurka jazarri zitzaizkien hainbat gizon eta emakume alde bietara zituztela igaro behar izan zuten Kale Nagusia. Iragan urteotan ohiko bihurtu den irudia berritu zen, aparteko gogortasunez: plastiko beltzak zabaldu zituzten konpainia mistoaren aurka, eta txistu hotsarekin haien musika estaltzen ahalegindu ziren. Ertzainek ez zuten deus egin egun hartan egoera hura eragozteko. Neurriak aurrerago hartuko zituztela esan zuten.

Zigortu dituzten Jaizkibeleko bi kideei Ertzaintzak leporatu die «ezer ez» egitea ibilbidean konpainiara uniformerik gabe «batu» zitzaizkien lagunak kanporatzeko. Poliziaren arabera, pertsona horien presentziak «areagotu» egin zituen alarde parekidearen aurkakoen txistuak eta oihuak, «eta horregatik ezin izan zen desfileko musika entzun». Jaizkibelek ukatu egin ditu argudio horiek, eta jakinarazi du isunak ez dituela ordainduko. «Sinestezina egiten zaigu guri leporatzea aldez aurretik beste batzuek plastiko beltzen atzean ezkutaturik martxan jartzen duten erasoa», salatu dute. Jaizkibelen arabera, Jaurlaritzak «propio nahastu» egiten ditu haiei «arnasa eta babesa» eman nahi diotenak eta urtero «plastiko beltzez eta zarataz» Jaizkibelen jardunari «boikota» egiten diotenak.

Konpainiako kideek nabarmendu dute haiek ez daudela mozal legearen alde, eta isunek ez dutela arazoaren konponbidea errazten. Hondarribiko Udalari eskatu diote hari «dagokion ardura» hartzeko. «Berari dagokio parte hartzaile ezberdinak bildu eta negoziazio fase bat zabaltzea. Elkarrizketa da bidea, ez isunak».

Bi hamarkada badira gatazka piztu zela, eta Jaizkibelekoek behin baino gehiagotan deitoratu dute erakundeen partetik utzikeria; aurten ere, irailaren 8ko gertaera larrien ostean, gogor kritikatu zuten instituzio nagusien jarrera: «Beste aldera begiratzeari utzi behar zaio». Aurten, lehen aldiz helarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak plastiko beltzak ez zabaltzeko eske bat: Kultura diputatu Denis Itxasok egin zuen. Ez zuen, ordea, fruiturik eman.

«Adierazpen askatasuna»

Protestengatik, alarde parekidearen aurkakoek ere jaso dituzte isunak: bost hondarribiarrek eta irundar batek. Ertzaintzak leporatu die desfilea «asaldatzea»; euren jarrerarekin beste batzuen biltzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna urratzea. Hondarribiko Emakumeak Taldeak salatu du isun horiek «adierazpen askatasunaren» aurkakoak direla, argudiatzen baitute haiek eskubidea dutela alarde mistoarekiko arbuioa erakusteko Jaizkibelen aurka eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.