Guaidori urrearen gaineko kontrola ematen zion epaia baliogabetu dute

Ebatzi dute ez dagoela argi nori dagokion Venezuelak Londresen duen gordailuaren jabetza

Juan Guaido Venezuelako oposizioko burua. EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ingalaterrako eta Galesko Apelazio Auzitegiak hitza hartu zuen atzo, eta baliogabetu egin zuen Juan Guaido Venezuelako oposizioko buruari urrearen gaineko kontrola ematen zion epaia. Hala, Venezuelako Banku Zentralak aurkeztutako apelazio errekurtsoa onartu du. Joan den uztailaren 2an emandako epaiak Guaido aitortzen zuen herrialdeko «behin-behineko presidente» gisa, eta, beraz, Erresuma Batuan gordailututako Caracaseko urrearen gaineko kontrola ematen zion, bankuari sarbidea ukatuz: zenbatesten da mila milioi euro baino gehiago balio duela han jasotako urreak. Ingalaterrako apelazio auzitegiak, ordea, arrazoia eman dio Venezuelako Banku Zentralari, eta epaia ezeztatu du.

Oraingo honetan, Erresuma Batuko Gobernuak du ahalmena erabakitzeko bi aldeetako zeinek duen urrezko lingoteen gaineko kontrola izateko eskumena: Venezuelako Gobernuak edo Guaidok. Kim Lewison, Stephen Males eta Stephen Phillips epaileek Auzitegi Nagusiko Merkataritza eta Jabetza atalera bideratu dute berriro auzia, ikertzeko benetan Londresek nor onartzen duen Venezuelako presidente gisa.

Auzitegiak errefusatu egin du Erresuma Batuko Gobernuak Guaido«zalantzarik gabe» Venezuelako estatuburu onartu izana. Epaiak dio Jeremy Hunt Erresuma Batuko Atzerri ministro ohiaren adierazpena ez dela eztabaidaezina, non azpimarratzen zuen oposizioko burua Venezuelako behin-behineko presidente gisa aitortzen dutela. Aldiz, bat etorri da Nicolas Maduro presidenteak izendatutako Venezuelako Banku Zentraleko batzarraren jarrerarekin. 2019ko otsaileko adierazpen politiko batean gobernuak Guaido presidente gisa aitortu zuen arren, de facto Maduroren administrazioarekin tratatzen du, eta harreman diplomatikoak dituzte harekin. Atzo emandako ebazpenaren ostean, Auzitegi Nagusiak hori ikertu beharko du, eta herrialdearen ikuspuntua zehaztu.

Egunotan, Maduroren gobernua Londresen gordailututako urrearen sarbidea eskatzen ari da, COVID-19aren pandemiaren aurka borrokatzeko baliatu nahi duelako. Venezuelaren asmoa erreserba horien zati bat Nazio Batuen programa batera bideratzea da, gaitzari kontra egiteko laguntza humanitarioa, sendagaiak eta beharrezko ekipamenduak eskuratzeko, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.