Puigdemonti matxinada egoztea baztertu du, berriro, Alemaniak

Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Carles Puigdemonti matxinada delitua leporatzea baztertu zuen Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak (Alemania) joan den apirilaren 5ean, nabarmenduz «onartezina» zela delitu horrengatik Kataluniako presidente kargugabetua Espainiaratzea. Eta hilabete eta erdi geroago gauza bera pentsatzen du auzitegiak. Espainiako Auzitegi Gorenak eskatu bezala, Alemania iparraldeko landerreko fiskaltzak Puigdemonti matxinada delitua leporatu diezaiola eskatu zion, atzera,auzitegiari, duela bi aste; baina lurralde auzitegiak baztertu egin du, berriz ere. «Gertakari zehatzei buruzko informazio gehigarriek ez dute ezer aldatzen», zehaztu zuen atzo kaleratutako ebazpenean. Izan ere, Gorenak informazio gehigarria bidali zion fiskaltzari, auzitegiak matxinada aurrenekoz baztertu zuenean.

Presidente kargugabetuari behin-behineko espetxealdia ezartzeko fiskaltzak egindako eskaera bertan behera utzi du auzitegiak, gainera, iruditzen zaiolako ez dagoela ihes egiteko arriskurik.

Fiskaltzak pentsatzen zuen informazio gehigarri hori —bideoak batik bat, zeintzuekin estatuaren kontrako biolentzia egon zela erakusteko ahalegina egiten ari den Espainiako Estatua— nahikoa izango zela Puigdemont berriro behin-behinean kartzelatzeko.

Bide batez, Puigdemonti ordena publikoaren aurkako delitua egoztea baztertu du auzitegiak, arrazoituz presidente kargugabetua ez dela delitu hori ahalbidetu dezaketen gertaeren erantzulea. Orduan, Puigdemonten kontrako atxilotze agindua diru publikoaren erabilera okerraren delitura mugatuta dago Alemanian.

Pablo Llarena Goreneko epaileak euroagindua indarrean jarri zuen martxoaren 23an. Bi egun geroago Puigdemont atxilotu zuen Alemaniako Poliziak, eta egun berean kartzelatua izan zen. Halere, hamabi egun geroago, apirilaren 6an, aske geratu zen, 75.000 euroko bermea ordaindu eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.