Behin-behineko 40.000 langile publikoren egoera egonkortzea nahi du ELAk

Enplegu publikorako deialdi «masiboak» egin daitezela eskatu du. Hamar langile publikotik ia lauk dute aldi baterako kontratua
Behin-behinekotasunaren aurkako kanpainaren aurkezpena, atzo.
Behin-behinekotasunaren aurkako kanpainaren aurkezpena, atzo. A. LOIOLA / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko urriak 17
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioetako hamar langile publikotik ia lauk behin-behineko kontratua daukate. ELAk atzo eman zituen datu propio horiek, eta, Igor Eizagirre arlo publikoko arduradunak argitu zuenez, Randstad agentziak aurretik emandako zenbatekoaren parekoak dira zenbakiak. «Ikastetxe eta lan zentro batetik bestera ibili gara askotan datu horiek lortzeko». Modu horretan zenbatu ditu sindikatuak 40.000 langile publiko daudela behin-behineko egoeran. Eta ez hori bakarrik, sindikatuaren arabera, beste 100.000 langile daude azpikontratatuta, «beharrezkoak diren zerbitzu publikoak eskaintzen».

Datu argigarriak eskaini ditu sindikatuak, eta horregatik esan du Eizagirrek behin-behinekotasuna «arazo sistemiko bat» dela Eusko Jaurlaritzan, eta askotan «iruzurrean oinarritutako kontratuak» eskaintzen dituztela, gainera.

Horren guztiaren atzean erabaki politiko bat dagoela uste du, eta «errealitatea ezkutatzeko aldian behin» enplegu publikorako egiten dituzten deialdiak «adabakiak» direla salatu du. «Propaganda ariketa bat besterik ez da, ez dute balio behin-behinekotasuna amaitzeko, ezta pribatizazioaren aldeko apustua amaitzeko ere».

Egoera larria dela iritzi dio sindikatuak, eta, horregatik, 40.000 lanpostu horiek «berehala» egonkortu daitezela eskatu dio Jaurlaritzari. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoen kopurua txikia da Europako Batasuneko batezbestekoarekin alderatuz gero. Europan, langileen %20 dira publikoak, eta hiru lurraldeetan, berriz, %12.

Egoera bideratu ahal izateko, lau eskaera zehatz egin dizkio ELA sindikatuak Jaurlaritzari: suntsitutako enplegua berreskuratu eta beharrezkoak diren lanpostu berri guztiak sortzea; enplegu publikorako eskaintza deialdi masiboak iragartzea; behin-behineko langileen egoera egonkortzeko aukera emango duten formulak adostea; eta behin-behineko kontratazioaren abusuzko erabilera ez errepikatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea.

Mezu horiekin guztiekin komunikazio kanpaina bat abiatuko du ELAk datozen hilabeteetan, eta gogorarazi dute«behar den sektoreetan» mobilizatzen jarraituko dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna