ander perez zala
Herriko bozak Frantzian. ANALISIA

Ezker-eskuin ardatza

2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Frantzian Emanuel Macronen 2017ko garaipenarekin desagertutzat jo zuten errealitatea itzuli egin da, ezker-eskuin ardatza ez baita desagertu. Egia da duela hiru urtekoak presidentetzarako bozak izan zirela, eta, batez ere, alderdiek eta hautagaiek dutela garrantzia horrelakoetan; igandeko hauteskundeak herrikoak izan ziren, eta horietan pisu handiagoa dute izen-abizenek eta zerrendek alderdiek baino. Bipartidismoa hautsita, Macronen duela 2017ko garaipenarekin beste aro bat iragarri zuten askok, berez herenegun ere agerian geratu behar zena. Ez da halakorik gertatu.

Kontrara, Alderdi Sozialistak (PS) eta Errepublikanoek (LR) babesten dituzten zerrendek emaitza onak lortu dituzte Frantziako hiri nagusietan. Sustrai lokalak izateak pisu handia izan du herritarren hautaketan, eta hori agerian geratu da herenegun botoa ematera joan zirenen profilak aztertuta: gehienbat mobilizatu dira 2017an LRren François Fillonen eta Macronen alde egin zutenak, eta, beraz, logikoena zirudien bi horien alderdiek izango zutela arrakastarik handiena.

Ez da halakorik gertatu, nahiz eta eskuindarrek espero baino emaitza hobeak izan dituzten. Aurten, maila lokaleko errealitateak izan du pisua, eta hor galtzea besterik ez du Frantziako presidentearen Errepublika Martxan-ek, sustrairik ez duelako.

Hori agerian geratu da, hasteko, PSrekin, pozteko moduko emaitzak lortu dituelako. Parisen Anne Hidalgok jaso du boto gehien (%30), inkestek aurreikusten zutena baino gehiago, eta Lillen, Nantesen, Bretainiako Roazhonen eta Rouenen, esaterako, lehen postuan amaitu dute sozialistek babesten dituzten auzapezgaiek. Marseillan —Frantziako bigarren hiria da—, eskuinaren gotorlekuan, boz gehien jaso duen zerrenda izan da.

Ezkerraren barne lehian, gainera, toki onean kokatu dira EELVko ekologistak, Okzitaniako Tolosan, Lillen eta Rennesen boto gehien jaso duten zerrendetan bigarrenak izanda, eta Alsaziako Estrasburgon eta Grenoblen irabazita, adibidez; Bordelen, berdinduta geratu dira eskuinarekin. Hortaz, datorren urteari begira, departamenduetarako eta eskualdeetarako bozak izango baitira, testuinguru ezin hobean geratu dira, nahiz eta Parisen espero baino emaitza txarragoak izan dituzten.

Oro har, EELVren gorakada eta PSren emaitzak kontuan hartuta —2017rako aurreko urteetan lorturiko presidentetza eta Asanbleako gehiengoa galdu zuten—, ezkerrarentzat arrakastatsua izan da igandekoa. Baita balizko aliantzei begira ere: EELVren zerrendek PSren eta ezkerreko beste alderdien sostengua izan duten hirietan, ekologisten emaitza onak lortu dituzte.

Eskuinean, LRren eta Marine Le Penen Batasun Nazionalaren (BN) arteko lehia izan da protagonista, baina ez da aldaketa handirik izan dinamika horretan. Eskuindarrek emaitza onak lortu dituzte, duela hiru urteko testuingurua kontuan hartuta —ez ziren bigarren itzulirako sailkatu—, baina ez hain onak 2014ko herriko bozetakoekin konparatuta. Toulongo, Cannesko eta Caengo garaipenekin, esaterako, lasaitasun handia hartu du zuzendaritzak; aldiz, Marseillako emaitzengatik kezka agertu dute, bi zerrenda aurkezteak eragina izan baitu emaitzetan. Bada kezka Perpinyan ere, Ipar Kataluniako hiriburuan: BNk handitu egin du LRrekiko aldea, eta auzapeztza kolokan geratu zaie. Dena den, Le Penen alderdiaren zerrendek ez dute 2014ko gorakada izan, eta gotorlekuetako emaitzei eustera mugatu da.

Ezker-eskuin ardatzak bere hartan jarraitzen du Frantzian, Macronen kalterako, eta datorren urteko hauteskundeei begira, indartuta ikusi dute euren burua PSk eta LRk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.