Itzali dituzte Txernobyldik gertu piztutako bi suteak

Errauts erradioaktiboaren arriskuaz ohartarazi dute adituek. Ukrainako Poliziak 27 urteko gazte bat atxilotu du sua piztea egotzita

Suhiltzaile bat erradioaktibitatea neurtzen. YAROSLAV YEMELIANENKO / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Apirilaren hasieran piztu ziren suteak Txernobylgo segurtasun eremuan —kilometroko erradioan—, belarrak erretzeko piztutako sua zabaldu ostean, eta ondorengo egunetako haize zakarrak ahalbidetuta. Jaroslav Jemelianenkok, Ukrainako larrialdi zerbitzuetako kideak, ohartarazi zuen herenegun zentral nuklearretik bi kilometro ingurura zegoela sua. «Pripyat hirira heldu dira garrak [zentraleko istripuaren ostean hustutako hirietako bat], eta oso gertu daude zentrala bera eta Pidlisny [hondakin nuklearrak gordetzeko eremua]». Baina azken orduetako euriari esker, Ukrainako Gobernuak itzalitzat eman zituen atzo suteak.

Iturri ofizialen arabera, 400 suhiltzaile inguru aritu dira azken astean sua kontrolpean hartzeko lanetan. Halere, adituek ohartarazi dute errauts erradioaktiboa dela orain arriskutsuena; izan ere, haizeak hiribururantz eraman dezake hura.

Ukrainako larrialdi zerbitzuek aitortu dute egoera «zaila» izan dela, baina nabarmendu dute hiriburuko erradioaktibitate maila «normala» dela, eta lasaitasuna eskatu diete herritarrei: «Zentrala eta erregaia pilatzeko eremuak ez daude arriskuan».

Ukrainan 5.000 euro arteko isunak ezartzen dituzte suak pizteagatik. Poliziak 27 urteko gizonezko bat atxilotu du, oraingo sutea eragitea egotzita. Greenpeacek salatu duenez, ordea, urtero gertatu ohi dira antzeko hondamendiak.

1986an gertatu zen Txernobylgo zentral nuklearreko istripua, eta hark isuritako erradioaktibitate lainoa Europa osoan zabaldu zen. Ezbeharraren ondorioz, zentralaren inguruko herriak hustu egin behar izan zituzten, eta 30 kilometroko segurtasun eremua ezarri zuten. Hala ere, gaur egun turista asko joaten dira istripuaren ingurura bisitan. 2018an, esaterako, 70.000 bisitari izan zituen eremuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.