Frantziako Asanbleako presidentea inputatu dute ustelkeriagatik

Lilleko auzitegi batek «interesak legez kanpo bereganatzea» egotzi dio Richard Ferrandi Bretainiako mutualitateen auzian. Jakinarazi du karguan jarraitzeko asmoa duela, eta Macronen babesa jaso du

ander perez zala
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
V. Errepublikan lehenengoz, Frantziako Asanblea Nazionaleko presidente bat inputatu dute, karguan dagoela. Richard Ferrandek (LREM) izan du ohore hori, Lilleko auzitegi batek egotzi baitio «interesak legez kanpo bereganatzea» Bretainiako Mutualitateen auzian. Ferrandek, ordea, ez du dimititzeko asmorik, eta atzo jakinarazi zuen Asanblean bere «misioa betetzen» jarraitzeko asmoa duela. Frantziako laugarren pertsonaiaren inputazioa —presidentearen, lehen ministroaren eta Senatuko presidentearen ostean— beste kolpe gogor bat da Emmanuel Macron Frantziako presidentearentzat, Ferrand haren aliatu nagusietako bat baita 2016an presidentetzara aurkeztea erabaki zuenetik.

Asanblea Nazionaleko presidentea hamahiru orduz galdekatu zuten herenegun, eta elkarrizketa horren ostean jakinarazi zioten inputatu egin zutela, atzoko ordu txikietan. Kasua duela gutxikoa: Ferrand Bretainiako Mutualitateen zuzendari orokorra zen 1998tik, eta 2011n Sandrine Doucen haren bikotearenak ziren lokalak alokatu zituzten, Bresten (Bretainia), aukera hori beste hainbat lokalen aurretik lehenetsita.

Gainera, enpresa lokal horretan finkatzeko, diru laguntza publikoak jaso zituen, 55.000 euro ingurukoak. Frantziako hainbat hedabidek eman zituzten argitara gertakari horiek, 2017an, eta, Bresteko epaileak ikerketa abiatu zuen arren, ez zion ezer egotzi; hala ere, susmo horren ondorioz, Ferrandek Lurraldeen Kohesiorako ministro kargua utzi behar izan zuen 2017ko ekainean.

Kasua itxita zegoen, baina 2017ko azaroan Anticor ustelkeriaren aurkako erakundeak salaketa bat jarri zuen, eta Frantziako Finantza Fiskaltzak (PNF) ikerketa bat abiatzeko agindua eman zuen 2018ko urtarrilean; Lilleko magistratu batzuei eman zien zeregina betetzeko ardura. Atzo jakinarazitako inputazioa, beraz, ikerketa horren ondorio izan da; ikusteko dago zer egingo dutenDoucenekin, atzo goizean galdekatu baitzuten.

Asanblea Nazionaleko presidenteak 2012an utzi zuen Bretainiako Mutualitateen zuzendaritza, eta urte hartan hautatu zuten Alderdi Sozialistaren (PS) diputatu —1980tik zegoen indar politiko horretan. Gerora, Macronek jakinarazi zuenean 2017ko bozetara aurkeztuko zela, PS utzi, eta garai hartan presidentegai zenaren lehen aliatuetako bat bilakatu zen.

Horren erakusle izan da urteotan Macronekin izan duen bidea: haren alderdiaren idazkari nagusi izan zen 2016tik 2017ra; LREMren Asanblea Nazionaleko talde parlamentarioaren presidentea 2017tik 2018ra; eta ganbera horretako presidentea iaztik, François de Rugyk kargu hori utzi eta Ekologia ministroaren postua hartu zuenean —hark ere dimititu du aurten—.

Frantziako presidenteak, bada, «konfiantza osoa» du Ferrandengan, Sibeth Ndiaye gobernuaren eledunaren arabera: «Gizon leiala da. Errugabetasun presuntzioa errespetatu behar da».

Aliatu gehiago kolokan

Ferrand galdekatu baino egun bat lehenago, François Bayrou Modemen presidentea eta Macronen ministro ohia galdekatu zuten, ustezko lanpostu faltsuen auzian.

Bayrou Macronen Justizia ministro izan zen hasieratik, baina kargua utzi behar izan zuen, nahiz eta inputatuta ez egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.