Quebecek garai berri bati ekin dio independentismoaren porrotarekin

Zentro-eskuineko koalizioak gehiengo osoa eskuratu du lehen aldiz, eta liberalen aurretik jarri da

Quebecek garai berri bati ekin dio independentismoaren porrotarekin.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Quebecek eskura izan zuen independentzia, 1995ean, azken erreferenduma egin zenean, baietzak %49,42ko babesa jaso baitzuen, baina ordutik ametsa lausotuz joan da egun ia lilura bat izateraino. Mugimendu independentistak ez du asmatu aldarrikapen historikoari eusten, eta garai bateko adorea apalduz joan da. PQ Alderdi Quebectarra urtez urte babesa galduz joan da, eta, herenegun egin ziren bozetan, inoizko emaitzarik okerrenak eskuratu ditu. Quebeceko Asanblea Nazionalean hemezortzi ordezkari galdu ditu alderdi independentistak; aurrerantzean hamar eserleku baino ez ditu izango. Alderdiaren botoetako batzuk ezker independentistara joan dira: Quebec Solidarioak hiru ordezkari zituen lehen, eta hamar ditu orain.

Quebecen, bada, aro berri bati ekin diote, subiranotasunaren inguruko eztabaida bazterrean utziz, eta, aldi berean, paraleloan, eskuinerago eginez. CAQ Quebecen Etorkizuna Koalizioak irabazi ditu bozak. 2011n sortutako alderdi kontserbadoreak sezesionismoaren eta unionismoaren tartean kokatzen jakin du, eta salto itzela eman du gehiengo osoa eskuratuta; botoen %37,5 lortu, eta hirukoiztu egin ditu parlamentariak: 21 ordezkari zituen lehen, eta 73 ditu orain.

Agintean zeuden liberalen kaltetan izan da kontserbadoreen garaipena. Quebeceko Alderdi Liberalak botoen %24,7 lortu ditu, eta porrot itzela jaso du; 36 ordezkari galdu ditu, nahiz eta hiriburuan lehen indar politikoa den oraindik ere —Montreal uhartean27 ordezkarietatik hemeretzi lortu dituzte liberalek—.

Philippe Couillard lehen ministroak porrota onartu du, aitortuz herritarrek «aldaketarako desioa» adierazi dutela hauteskundeetan. Alderdi Liberala 2003tik egon da agintean, nahiz eta 2012. eta 2014. urteetan gobernua independentisten esku egon zen; Alderdi Quebectarrak botoen %31,95 eskuratu zituen orduan.

Liberalek eta independentistek 1970eko hamarkadatik partekatu dute hegemonia, federalismoaren eta subiranotasunaren arteko eztabaida politikaren ardatz zenean, baina asteheleneko hauteskundeek independentismoaren gainbehera ez ezik, bipartidismoaren amaiera ere islatu dute. Orain bestelakoa da kaleko eztabaida, estatus politikotik immigraziora bideratu baita.

Immigrazioaren diskurtsoa

Immigrazioa, zerga politika eta ekonomiaren egoera izan dira kanpainaren ardatzak. Zentro-eskuineko koalizioak immigrazioaren kontrako dikurtsoa bereganatu du, ideologikoki eskuin muturraren tesiekin bat eginez.

François Legault buruzagi kontserbadoreak identitatearen mezua zabaldu du kanpainan, eta alor horretan proposamen polemiko bat egin du: Quebecek urtero jasotzen dituen immigranteen kopurua murriztea 50.000tik 40.000ra, eta hiru epean frantses mailaren inguruko azterketa egitea; hartara, emaitzaren arabera immigranteak eskualdean geratu edo ez erabakitzeko. Buruzagi kontserbadoreak esan du frantsesa bera arriskuan dagoela, nahiz eta atzo, emaitzen berri izan ostean, ingelesez ere mintzatu zen, komunitate horretako herritarrei keinu eginez. «Historia egin dugu. Quebec harroagoa izango da aurrerantzean. Kanadaren barruan indartsuagoa izango da», adierazi zuen.

Legaulten ibilbide politikoa bitxia da oso. Alderdi Quebectarreko Osasun eta Hezkuntza ministro izan zen 1998tik 2003ra, eta sei urte geroago utzi zuen alderdi independentista. Enpresa munduan aritu ostean kudeatzaile eraginkorraren irudia bereganatu du duela zazpi urte sortutako zentro-eskuineko alderdiaren lidergoa hartuz. Legaultek liberalen ekonomia ereduarekin bat egin du, eta hezkuntza eta osasun programak sustatzearen alde agertu da.

Belaunaldi aldaketa

Independentzia, baina, alboratu egin du. Legaultek behin eta berriz esan du ez lukeela inoiz babestuko independentziaren aldeko beste galdeketarik. Quebecen Kanadatik bereizteko bi erreferendum egin dituzte. 1980an unionismoak hogei punturen aldea atera zuen, baina, 15 urte geroago, ozta-ozta atera zen garaile; 54.000 botora geratu ziren independentziaren aldekoak.

1995eko galdeketaren abaroan inoiz ikusi gabeko herri mugimendua eratu zen subiranotasunaren alde; estatu berri bat sortzeko ahaleginean, gizarte zibileko hamaika erakundek bat egin zuten, alderdi politikoen desadostasunak gaindituta. Kanadak, emaitzak aintzat hartuta, jarrera aldatu zuen orduan, eta, zatiketaren beldur, deszentralizazio kontrolatu bat praktikatzeari ekin zion. Ottawak federalismoa ezartzen jakin du azken urteotan, eta finantzaketa alorrean eskumen bereziak eman dizkio Quebeci.

Komunitateen arteko talka agerikoa bada ere, lausotu egin da. Oro har, herritarren %80 diren frantses hiztunak izan dira independentziazaleak. Alderdi Quebectarrak 1977an onartutako 101. legearen ondorioa da frankofonoen kopuru handia: frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra. Hizkuntza galtzeko mehatxua galdu izanak independentismoa babesteko kemena arindu du.

Ingeles hiztunek, aldiz, unionismoaren alde egin dute. Belaunaldi berriek, hala ere, jada ez dute politika eta bizitza parametro horietan ulertzen. Quebecekin identifikatzen dira, baina Kanadaren barruan ikusten dute euren etorkizuna. Erreferendumaren ostean jaiotako belaunaldiarentzat iraganeko auzia da independentziarena. Lau lagunetatik batek babestuko lukete, egun, independentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.