Aurkari zaila du Eibarrek bihar: Atletico

Lehen Mailan denetik, ez du punturik bildu Ipuruan Madrilgo talde horren aurka. Hamasei jokalari soilik dauzkate onik armaginek

Jose Luis Mendilibar, jokalariei aginduak oihuka ematen, sasoi honetako partida batean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Talde gutxi izango dira Ipuruan ondo moldatzen direnak, eta horietako bat etorriko zaio Eibarri bihar: Atletico Madril. Armaginak Lehen Mailan direnetik bosgarren aldiz jokatuko dute espainiarrek Ipuruan Ligan, eta aurreko guztietan garaipena baino ez dute lortu; erraztasunez, gainera. Etxekoen artean beti utzi izan dute etsipen handi bat, ia gehienetan ezinean aritu izan direlako Eibarrekoak.

Beste aukera bat izango da, hortaz, biharkoa etxekoentzat, hain talde makurra eta zaila zaleen aurrean menderatzeko. Ohi den moduan, ez da partida samurra izango, halakoetatik urrun ibiltzen baitira Atleticoren aurkako norgehiagokak. Jokalarientzat oso deserosoa izaten da horien aurka jokatzea. Sendoa da Diego Simeoneren taldea, eta, gainera, oso zitala erasoan. Gutxirekin asko askotan egiten duena. Partida biribila beharko du Eibarrek punturen bat edo hirurak etxean gordetzeko, eta bi ezaugarri hauek izatea ezinbestekoa izango du: eraginkor aritzea aurrealdean, eta oparirik ez egitea leku arriskutsuetan, Atleticok ez baitu ia inoiz barkatzen.

Jose Luis Mendilibarrek atzo eman zuen partidaren aurreko prentsaurrekoa, eta ondo zehaztu zuen zer nahi duen: «Azkeneko bi partidetan bezala jokatzen saiatuko gara». Real Madrilen zelaian eta Realarenean egindako joko ona dauka buruan, talde serioa izatea, eta hori ezinbestekoa izango du etzi, beste gauza askoren artean. Aurkariaz galdetu zitzaionean, modu honetan definitu zuen, egoki asko: «Txikiek bezala joka dezakeen talde handi bat da. Defentsako lanean eroso egoten dira, ez daukate baloia eduki beharrik, baina kontrarioa menderatzeko premian badira, badakite hori ere egiten».

Aurreko asteburuan bezala, lehen taldeko hamasei jokalari baino ez dauzka jokatzeko moduan Eibarrek. Atleticok ere baditu hutsuneak, eta Simeonek ezingo ditu Griezmann eta Diego Costa zelairatu, zigortuta baitaude.

EIBAR-ATLETICO MADRIL

Eibar. Dmitrovic; De Blasis, Oliveira, Sergio, Jose Angel; Pedro Leon, Escalante, Jordan, Cucurella; Cardona eta Enrich.

Atletico Madril. Oblak; Arias, Gimenez, Godin, Saul; Correa, Thomas, Rodri, Koke; Vitolo eta Morata.

Epailea. Alberola Rojas.

Ordua. 16:15 (BeIN).

Lekua. Ipurua (7.000 ikusle)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.