XVI. BERRIA TXAPELKETA

Galduta ere, irabazle

Oiarpe Oiartzungo taldea eta Zugarralde Burlatakoa izan dira XVI. Berria Txapelketako final-zortzirenetarako sailkatu diren azkenak

Goian, Sein, Oiarpeko kadete aurrelaria. Behean, Itoiz, maila bereko Zugarraldeko aurrelaria. J. C. RUIZ-A- CANELLADA / FOKU.
jon eskudero
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Eman beharrekoak eman ditu XVI. BERRIA Txapelketako lehenengo faseak, eta dagoeneko jakina da nortzuk ariko diren final-zortzirenetan. Sailkatu diren azken biak Oiarpe Oiartzungo taldea eta Zugarralde Burlatakoa izan dira. Joan den asteburuan egin dute aurrera, Bartzelonako eta Munitibarko taldeei irabazita, hurrenez hurren. Gipuzkoarrek erraz antzean gainditu zuten Kataluniako Nafarren Etxea kluba, baina azken horientzat garaipen handia izan zen txapelketan parte hartze hutsa. Burlatarrek, berriz, majo sufritu zuten Lea Ibarra garaitzeko. Hurrengo fasean, Oiarpek Oberena izango du aurkari, eta Zugarraldek, Joko Alai.

HERNANIN
Nafarren Etxea (Bartzelona) 0 - Oiarpe (Oiartzun) 3

Kataluniako pilotariek ilusio eta gogo izugarriz egin zuten Bartzelonatik Hernanirako bidea, eta ez da harritzekoa. Izan ere, historian lehenengo aldia zen neurri horretako txapelketa batean parte hartzen zutela. Galtza zuriak jantzita, bazuten itxaropenik Oiarperi aurre egiteko, baina bistan geratu zen oraindik ere aldea dagoela bi kluben artean. Kadeteen mailan, Arribas eta Blanca Bartzelonakoek 5-22 galdu zuten Sein eta Mitxelenaren kontra. Partidak hasiera orekatua izan zuen, eta 5-8kora arte nor baino nor gehiago jokatu zuten bi bikoteek. Motorra berotu ahala, ordea, gipuzkoarrek erraz egin zuten 22rako bidea. Seinek beste erritmo batean jokatu zuen, eta hura izan zen pilotaririk nabarmenduena.

Gazteen artekoak ez zuen kolorerik izan, eta 22-1 nagusitu ziren Aranburu eta Zalakain gipuzkoarrak Ceniceros eta Holgadoren aurka. Azkenak ez daude ohituta halako pilotaleku azkarretan jokatzera, eta nabaritu zitzaien. Pilotara jarri ezinda ibili ziren une oro. Dena erabakita zegoela, jaialdiko partidarik onena jokatu zuten nagusiek, eta han ere gipuzkoarrak atera ziren garaile. Ugaldek eta Azpirozek 22 eta 10 azpiratu zituzten Arrasate eta Ortiz de Urbina. Azken horrek ohi baino pilota gehiago huts egin zuen, eta, txukun jokatuta, hirugarren puntua poltsikoratu zuten oiartzuarrek. Ugalde izan zen partidako onena. Halere, eta galdu arren, Bartzelonako taldeak aho zapore gozoarekin egin zuen etxerako buelta.

ANDOAINEN
Lea Ibarra (Munitibar) 1 - Zugarralde (Burlata) 2

Munitibarko Lea Ibarrak eta Burlatako Zugarraldek emozio handiagoko kanporaketa bat jokatu zuten igande arratsaldez, Andoainen. Emozioa ez ezik, kalitatea ere izan zuten hiru partidek. Kadeteen mailan, 22 eta 13 nagusitu ziren Itoiz eta Maiza nafarrak Enbeita eta Bernaola bizkaitarren aurka. Hasi eta buka, oso seguru jokatu zuen bikote garaileak, eta tantoz tanto oparirik ez egitea izan zuen helburu. Une oro kudeatu zuen ondo aldea: 8-3, 15-10 eta 22-13. Gazteak izan arren, kantxan lasai egoteko gaitasuna azaldu zuten.Bizkaitarrek gehiago arriskatu zuten, eta garesti atera zitzaien. Tanto politak egin arren, galdu ere gehiago egin zuten. Hori bai, Enbeita aurrelariak eman zuen itxurarik onena. Gazteen arteko norgehiagokak bestelako bide bat hartu zuen, Munitibarko Lea Ibarrak kanporaketa berdindu baitzuen. Beitia eta Anitua bizkaitarrek 22-9 irabazi zieten Bustince eta Marin nafarrei. Hasiera borrokatu baten ondoren, 8na egon ziren bi bikoteak, baina, handik aurrera, Beitiaren inspirazioa gailendu zen. Aurreko koadroetan abilezia ederra erakutsi zuen.

Gauzak hala, nagusien partidak erabakiko zuen zein elkartek egingo zuen aurrera. Hasiera batean, eta kantxan bi bikote oso on egonik, lehia ona eta parekatua espero zitekeen. Baina Zugarraldeko bikoteak agindu zuen hasi eta buka, eta Antsok eta Alduntzinek ez zuten hutsik egin, Uriona eta Uriondo 22-11 menderatuta. Uriondok pilotakada onak jo zituen atzean, baina Alduntzinek segurtasunari ezin izan zion aurre egin, eta Antsok ongi baliatu zuen hori aurreko koadroetan tanto onak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.