Txapeldunen Liga

Kutsu ingelesekoa

Tottenhamek eta Liverpoolek Txapeldunen Liga izango dute jokoan gaur, Madrilen. Batek lehen titulua lortuko luke; besteak, seigarrena

Liverpooleko Mohamed Salah eta Tottenhameko Dele Alli, lehian. P. POWELL / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Dena dago prest Madrilen, Wanda Metropolitano estadioan. Gaur gauean jokatuko dute Tottenhamek eta Liverpoolek Txapeldunen Ligako finala (21:00). Ingalaterrako bi talde ailegatu dira duela urtebete hasi zen lehiaketaren azken geltokira. Tottenhamentzat esperientzia berria izango da, inoiz ez baita horren urruti iritsi. Duela 57 urtekoa zuen langa, finalerdiak jokatu zituenekoa. Liverpoolek, ordea, eskarmentu handia du. Bederatzigarrenez ariko da Europako kluben arteko titulu nagusia jokoan dagoen partidan. Iazkoa du azkeneko esperientzia, zapore gazikoa, 3-1 galdu baitzuen Real Madrilen aurka. Antzik ez zuen izan aurrekoarekin, 2005ean Milani penaltietan irabazi zionekoarekin. Bosgarren aldiz altxatu zuen kopa orduan. Seigarrena nahi du orain.

Irabazten duenak irabazten duela, balentria egingo du. Balentria, finalerdietan handia egin baitzuten biek. Liverpoolek ezerezean utzi zuen Bartzelonak joaneko partidan lortutako hiru golen aldea (3-0). Itzulikoan, Anfield Roaden, 4-0 irabazi zion, eta are handiago bilakatu zuen estadio mitiko horren kondaira. Tottenhamek Ajax nola kanporatu zuen ere epikoa izan zen. Joanekoan, Londresen, 0-1 nagusitu zen Herbehereetako taldea. Alde zuen kanporaketa, eta are gehiago itzulikoan, etxean, 2-0 jarri ondoren. Baina, azken ordu erdi pasatxoan, ingelesek irauli egin zuten partida eta kanporaketa: 2-3. Lucas Moura izan zen heroia, hark sartu baitzituen hiru golak, azkena 96. minutuan. Argi dago: konfiantzaz lepo iritsiko dira bi taldeak.

Faborito argirik ez dago, baina estatistikak Liverpoolen aldekoak dira: 170 aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta 79tan Liverpool nagusitu da; 48tan, Tottenham, eta 43tan, berdindu egin dute. Sasoi honetan, adibidez, Juergen Kloppek entrenatutako taldeak ligan jokatutako bi neurketak irabazi dizkio Mauricio Pocchetinok zuzendutakoari. Bi teknikariek jokalari guztiak dituzte prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.