Kaxmirren tiroz hil dute Indian agintean den alderdiko buruzagi bat

Datorren abuztuan beteko da urte bat Kaxmir eskualdeari estatus berezia kendu ziotela

Indiako polizia hilketaren tokian, Bandipora hirian. FAROOQ KHAN / EFE.
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Indian agintean den Bharatiya Janata Party (BJP) alderdi nazionalistako buruzagi Wasim Bari hil zuten tiroka Kaxmirren herenegun gauean. Bestalde, haren aita, Bashir Ahmad, eta anaia, Umar Bashir, ospitalera eraman zituzten zaurituta, eta bertan hil ziren. Familiak Bandipora hirian zuen denda baten kanpoaldean gertatu zen tiroketa. Poliziak erantzuleak matxinoak izan diren susmoa badu ere, lerro hauek idazteko orduan talde bakar batek ez zuen bere gain hartu erasoa.

Hilketarako aukeratutako eguna esanguratsua zen; izan ere, lau urte bete ziren Indiako segurtasun indarrek Burhan Wani komandante independentista hil zutenetik. 2016ko hilketa hark protesta ugari eragin zituen. Aldi hartan, armadak manifestarien aurka jo zuen, eta ehun lagun hileta milaka zauritu zituzten borrokek. Hizbul Mujahideen matxino indigenen taldeko komandantea zen Wani. Taldeak Kaxmirren independentzia nahi zuen, eta Indiako Gobernuak «terrorista» izendatu zuen.

2010eko matxinadan parte hartu zuen Wanik. The Diplomat aldizkari digitalaren arabera, protestetan 120 zibil hil zituzten Indiako segurtasun indarrek eta dozenaka mila pertsona, gehienak gazteak, atxilotu eta torturatu zituzten, Indiaren aurkako sentimendua areagotuz. Armak hartu eta sei urte geroago, 22 urte zituela, hil zuten Wani, eta haren hiletara 200.000 pertsona inguru bildu ziren, «askatasunerako mugimenduaren heroia» agurtzera.

Agintariek segurtasun neurriak hartu zituzten asteazkenean, urteurrena zela eta. Internet sarerako konexioa moztu zuten Kaxmirko eremu batzuetan, Waniren hilketatik urtero egiten duten bezala. Bariren familiak ere zortzi bizkartzain zituen babes modura, baina haietako bat ere ez zegoen politikariaren ondoan hilketa gertatu zenean. Tokiko poliziaburuak azaldu zuenez, bizkartzainak atxilotu egin zituzten, «arduragabekeria» egotziz. Galdekatu egingo dituztela aurreratu dute.

Urteurrena

Abuztuan beteko da urte bat New Delhik Kaxmirri autonomia kendu ziola. Joan den urteko abuztuan adierazi zuten ofizialki Kaxmirrek 70 urtez izandako estatus bereziak ez zuela indarrean jarraituko. Indiako Gobernuak bi eskualdetan zatikatu zituen Jammu eta Kaxmir, eta New Delhiren menpe geratu ziren. Ordu hartan, gainera, eskualdea itxi zuen gobernuak, eta milaka pertsonari askemugitzeko eskubidea ukatu. Interneterako konexioa ere moztu zuen, eta hala jarraitu dute aurtengo martxora arte. Orduan, berriro ezarri zuten konexioa, baina baldintzapean: gobernuak erabiltzaileak arakatzeko eskumena izango zuen.

Kaxmirri autonomia kentzea ez zen izan gatazkan emandako lehen pausoa. Izan ere, eskualdea munduan gehien militarizaturiko eremuen artean dago. Indiaren independentziaren garaikoa(1947) da gatazka. Bai Pakistanek, bai Indiak lurralde osoaren jabetza aldarrikatzen dute.

Gehiengo musulmana du Kaxmirrek, eta, gaur egun, lurraldea Txinaren, Pakistanen eta Indiaren artean dago banatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.