Poliziak tiroz hil du ustez Trumpen jarraitzaile bat hil zuen gizona

Michael Forest Reinoehl tirokatu egin dute, atxilotzen saiatzen ari zirenean

Poliziaren indarkeriaren aurkako protestak AEBetan. SHAWN THEW / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetan, Poliziaren indarkeriaren auziak ez du etenik, eta beste hilketa bat jazo zen herenegun. Kasu honetan, herrialdeko agente federal batek Donald Trump presidente estatubatuarraren jarraitzaile bat hiltzeagatik susmagarria zen gizona hil zuen, tiroz, hura atxilotzen saiatzen ari ziren bitartean.

The New York Times egunkariaren arabera, Michael Forest Reinoehl da Poliziak hil duen gizona, eta joan den asteburuan Portlanden izandako liskarretan Trumpen jarraitzaile bat hil izana leporatzen zioten. Lacey herrian hil dute, Washingtonen. AEBetako Presozain Zerbitzuaren arabera, agenteek adierazi zuten Reinoehli tiro egin ziotela «pistola bat» omen zeukalako: «Lantaldeko kideek mehatxuari erantzun, eta susmagarria jo zuten».

Ostegunean Vice News katean argitaratutako elkarrizketa batean, Reinoehlek, itxuraz, onartu egin zuen berak hil zuela Aaron J. Danielson, Trumpen jarraitzailea eta Patriot Prayer mugimendu ultraeskuineko kidea zena —bi tiro eman zizkioten—. Adierazi zuen «ez zuela beste aukerarik izan», eta bere buruaren defentsan aritu zela, Danielsonek berari eta bere lagun bati labanaz eraso egin zielako: «Han eseri, eta gera nintekeen nire lagun beltza nola hiltzen zuten ikusten, baina ez nuen hori egingo», azpimarratu zuen. Artikulua publikatu zen egun berean eman zuten Reinoehl atxilotzeko agindua. Portlandeko istiluak, hain zuzen, arrazakeriaren eta Poliziaren indarkeriaren aurkako protestarien eta Trumpen jarraitzaileen artekoak izan ziren.

Tiroketaren ondoren, ehunka manifestari elkartu ziren Portlandeko Polizia egoitza baten aurrean, arrazakeria eta agenteen indarkeria salatzeko eta «justizia» eskatzeko, hilabeteotan egin duten bezala. Hala, protestariek azken erasoa gaitzesteko kartelak eraman zituzten, eta hauxe irakur zitekeen karteletako batean: Zure eskuetan odola dago. Michael Reinoehl hil zenuen. Agenteek protestarien aurka jo, eta pertsona bat atxilotu zuten.

Zazpi agente zigortuta

Bestalde, AEBetan Poliziak hildako beste afro-amerikar baten kasua salatu zuten joan den asteazkenean. Rochester (New York) hiriko polizia agenteek Daniel Prude hil zuten, burua kaputxa batekin estali eta bi minutuz lurraren kontra estutu ostean, itotzeraino. Joan den martxoaren 23an gertatu zen erasoa, baina orain ezagutarazi dute, Pruderen familiak gertatutakoa jasotzen duten bideo batzuk argitaratu eta gero. Astebete geroago hil zen Prude, martxoaren 30ean, ospitalean.

Pruderen aurkako Poliziaren jarrerak haserrea eta sumina eragin du herritarren artean, eta, orain, sei hilabete geroago, agente horien aurkako neurriak hartu dituzte: herenegun jakinarazi zuten hilketan parte haru zuten zazpi agente euren lanpostuetatik kargugabetu dituztela, aldi baterako.

Apirilaz geroztik, Fiskaltzaren ikerketapean dago kasua, baina agintariek ez dute aparteko neurririk hartu orain arte: irudiak publiko egin direnean etorri da erantzuna. Horren harira, hainbat eragilek eta agintarik salatu dute neurriak berandu hartu dituztela, eta galdetu dute ea zergatik gertatu den hori. Hilketa salatzeko protestak ere egin dituzte hirian.

Lovely Warren Rochesterreko alkateak barkamena eskatu zuen: «Pruderi huts egin dio gure Polizia Departamenduak, buruko osasunerako sistemak eta gizarteak. Nik ere huts egin nion». Era berean, Letitia James fiskalak agindu zuen ikerketa «justua eta independentea» egingo dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.