Pandemiaz eta txertoez irizpideak

2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Badira bost eginkizun oinarrizko ezinbestekoak direnak, edo behintzat gomendagarriak, gaur egun norbere osasunari eutsi diezaiogun edota hura indartu dezagun:

1.- Egunerokoan elikadura orekatu bat mantentzea, denetik jan ezertaz abusatu gabe.

2.- Kirol zertxobait, 35-45 minutu egitea egunero, ahal bada.

3.- Natur gunean zorabiagarri edo elikagai izan daitekeen zerbait egin, astean behin. Paseo bat menditik, itsasertzetik, baratze zaintza, zuhaitz inguruan arnasketak...

4.- Ariketa mentala edo kognitibo zerbait ahal bada, memoria landuz eta burmuinak zirikatzeko baliagarri izan daitekeena. Musika entzun eta azterketatxo bat, irakurketa edo idazlanak, hizkuntza hiztegi txiki bat landu, zeinu hizkuntza...

5.- Harreman sozialak mantendu, jarraitu sakontzen edo berriak egiteko leihatilak ireki: ikastaroren bat zure auzoko kultur etxean, mendi taldearekin irteera edo beste elkartze guneren bat bilatu...

Pandemia egoera dela-eta bizitzen ari garen zorabio, nahasmen eta beldur egoerak eskatzen digu geure zentzumen adituari kasu egitea, eta, berriak zahar, behin eta berriro entzuten ari garenari geure muga jartzea. Hirugarren errefortzuko txertoa jartzera bultzatu eta derrigortzera behartu nahi gaituzte, umeak eta gaztetxoak ere txertoa jartzera derrigortzearekin batera. Eta nik galdetzen dut: non dago geure puntu kritikoa? Edota, nire iritziz, masiboak izan beharko luketen protesta guneak?Egiazki, inork ez daki guzti honek nora garamatzan. Ni txunditurik nago nola ez den protesta gehiago azaltzen, ze inork ez daki zenbat aldaera berri etor daitezkeen eta are gutxiago nola egingo zaien aurre. Dakiguna da musukoak direla, frogak direla eta txertoak direla, industria farmazeutikoentzat eta auskalo zeinentzat diru iturri oparoa izaten ari dela. Dakiguna da, baita ere, alor psikologikoan eta emozionalean zenbat min jasaten ari garen eta jasan beharko dugun «pandemia» egoera honi modu naturalago batez aurre ez egiteagatik. Hau da, pertsona bakoitzaren eta, bide batez, gizartearen jarrera osasuntsuagoak bultzatu, eta zaintzan heztea bilatu beharko genuke, norbere sistema immunologikoa indartze aldera.

Nire zentzumen xumeari entzunaz, ni oinarrizko osasun sistema indartzearen alde nago, eta, horri begira, landu, zaindu, indartu eta berritu neure buruarekiko ituna, eta arduraz jokatzen saiatuko naiz. Noski, badaramat musukoa, jarraitzen ditut distantzia neurriak eta aireztapena zaintzen dut, baina kritiko naiz iritsi garen egoerarekiko, eta ez nago ados behin eta berriro txertoa jartzearekin eta are gutxiago gure gaztetxoak, gure beldurrak direla-eta, indartzen lagundu ordez ahultzearekin; ze gaurko irtenbide bat dirudienak ondorio kezkagarriak sor ditzake biharko, eta jadanik ikusten ari gara ondorio lazgarri ugari.

Nik dei egiten dut eta esan ohi dut, pertsonak bost zentzumen ez, baizik zazpi ditugula, edo izan beharko genituzkeela. Gertukoak direnak (usaimena, ukimena eta dastamena) eta distantziakoak (entzumena eta ikusmena), eta hauei bi eransten dizkiet: zentzudun izatearen zentzumena eta umorearen zentzumena. Nik guztion oinarrian dugun heldutasun-zentzudun izaerari adi egotea gomendatzen dut. Zer dela eta? Ba beldurrez gainezka gabiltzan une honetan, hain zuzen ere, geure senaz, geure buruarengan dugun konfiantza berreskuratuz eta arbasoen garaitik jaso dugun naturarekiko errespetuzko elkarlanarekin ados, zaindu ditzagun eta indartu gure osasunbide naturalak, hasieran aipatu ditudan bost eginkizun txiki horiek kontuan hartuaz.

Ez da bidezkoa, ez da lasaigarria COVID birusa dela-eta sortzen diguten txertaketaren ezinbesteko beharra eta beste guztia: estres laboralak, emozio alorreko gainbeherak, kontsumoaren aldeko jarrera geldiezinak, lan eskaskeriak, immigrazioaren korapilatzea eta egoera negargarriak, eta abar luze bat. Ziur naiz txertatuta une bihurri honi modu errazago batez aurre egingo diogula, baina... egokiena eta osasuntsuena ote? Ez ote gaude epe laburrera begiratzen epe luzera begiratu ordez? Hemen uzten ditut nire gogoetak, norbaiti zer pentsa ematen badio ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.