Txillardegi eta Imanol: bi errealitate, herri bat

2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Txillardegiren heriotzaren 10. urteurrena dela-eta, euskal gizon handi horri eman beharreko aitortzak polemika eragin du euskal gizartean. Pertsona askok hitz egin eta idatzi dute gaiari buruz eta, adibide gisa, Joxe Austin Arrietak eta Patxi Zabaletak BERRIAn plazaratutako artikuluak, Sinestezina, Bingen eta Txillardegi eta giza eskubideak aipatuko nituzke. Polemikan, funtsean eta laburbilduta, hiru jarrera bereizten ditut: espainolismoaren aldekoak, ezer bereizi gabe Txillardegi automatikoki ETArekin lotzen dutena eta, horregatik, ez diote inolako merezimendurik aitortu nahi; EAJri lotutako euskaldun eta abertzaleena, Txillardegik euskal kulturaren arloan egindako lana aitortu arren ETArekin izan zuen zerikusiarengatik aitortza eman nahi ez diotenena; eta, azkenik, ezker abertzalearena. Horiek Txillardegiri merezi duen guztia era akritikoan eman nahi diote. Hiru jarrera horiek, ordea, herren eta hankamotz geratzen direla uste dut, eta, horregatik, ondorengo hausnarketak egingo ditut, Euskal Herriak justizian oinarritutako behar duen bakea lortzeko lagungarri izango ditugulakoan.

Nik, printzipioz, ezker abertzalearen jarrera onartuko nuke. Oso argi dut Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokari eskaini zizkiola bere bizitza eta lana Txillardegik, eta, horregatik, euskal aberrian sinesten dugun guztion mirespena merezi du. Hori argi eta garbi utzita, ezker abertzalearen jarreran ulertzen ez ditudan interes batzuk ikusten ditudala esan behar dut, eta, horregatik, diotena ere ez zait guztiz gustatzen. Polikiago azalduko dut esan nahi dudanaren muina: demagun Euskal Herria askatzeko borrokaren eta euskal kulturaren alde egindako ahaleginak direla Txillardegiri aitortza emateko arrazoiak. Idealismo huts batean erorita, hori sinistu dezaket, baina, segituan, izen bat datorkit burura, errealitatea hain polita ez den seinale: Imanol Lartzabal abeslaria. Donostiarra, Antigua auzokoa, Txillardegi bezala. Imanolek ere Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokari eskaini zion bere bizitza, eta lan eta sakrifizio horiengatik ez diote inolako aitortzarik eman. Zergatik? Arrazoia oso argi dago: ETAren kontrako jarrera argia, Txillardegik ez bezala, izan zuelako une batetik aurrera, eta gizartearen sektore zabal bat, ezker abertzalearen zati handi bat batez ere, kontra jarri zitzaiolako. Euskal Herriko giroa jasanezina zitzaiola, erbesteratu behar izan zuen, eta erbeste horretan hil zen, bakardadean eta euskal gizartearen maitasuna inolaz ere lortu gabe. Errealitatea, beraz, ez da zuria edo beltza. Ñabardura asko daude, eta, bakea nahi badugu, hausnarketa asko egin behar dugu oraindik.

Bukatzeko, nire pentsamendua argi azaldu nahi dut: Txillardegiri merezi duen guztia eman nahi diot, Donostiako Udalak, Foru Aldundiak eta instituzio guztiek aitortza eta merezimendu guztiak, ika-mika gehiago piztu gabe, eman behar dizkiote baina, halaber, Imanoli ere behar duen aitortza guztia eman behar dio euskal gizarteak, ezker abertzaleak bereziki, eta harekin izandako portaera zikinarengatik barkamena eskatu beharko da egun batean, jazarpena egin ziotenek bereziki, bakean oinarritutako herri libre bat egun batean izan dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.