gorka julio
IRLEN SAREA

Dismorfia filtratuak

2018ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Instagram eta Snapchat aplikazioetako argazki filtroek proiektatu nahi dugun irudia «hobetzeko» balio dezakete. Argazkien desitxuratze horrek, aldiz, garena eta izan nahi dugunaren arteko ezberdintasunak gaizki ulertzera eraman gaitzake.

Filtro batzuek irudi baten gainean, adarbakarrak, sagu belarriak, bihoztxoak edota testua gaineratzeko balio dute, baina beste batzuk aurpegia desitxuratuz, txukuntzeko erabiltzen dira. Ez pentsa, erabili dituzuenok badakizue, oso itxuroso gelditzen da zure aurpegiko zimurrak eta orbanak desagerraraztea. Photoshop bezalako editore bat eta jakintza minimo batzuekin egiten zena aplikazio hauetan klik bakar batekin egin daiteke.

Noski, arazoa ez dago filtro horietan, zenbait pertsonengan sortzen dituen dismorfia sindromean baizik. Pertsona hauek beren benetako aurpegia eta editatutako irudiaren arteko aldea onartzeko zailtasunak dituzte. Argazkian ikusten dutena izan behar direla, alegia.

Ateratzen ditugun irudiak eta besteek ateratzen dizkigutenak gero eta gehiago dira, eta horrek ere arazoa larritu dezake. Zenbait irudietan editatuta eta besteetan editatu gabe ikusten garelako.

Arazo hauek antsietatea eta depresioa sor dezakete, eta ohikoak diren arren, teknologien ondorioz forma berriak hartu dituzte. Estetika kliniketara beren Instagrameko irudi editatuekin joan direnak ere badira. Lehen famaturen baten argazki batekin joaten zirenak, orain beren irudi txukunduarekin doaz. Kirofanotik pasata ere, konpontzen zaila den arazoa, larrituz.

Espektakuluaren jendartean bizi garela bagenekien, Guy Debordek izen berdineko liburuan bizitza sozialaren historia «izatea, edukitzean eta ondoren edukitzea, itxurakeria sinpleenean bihurtzea» esaldian ongi laburbildu zuen.

Ordutik, antsiolitikoz bustitako uretan bainatzen jarraitzen dugu, barrutik lehertzen ari garenean. Gure argazki-postaletako ur ez hain gardenak, urdintzen eta bakarrik agertzeko, ondokoak oztopoak balira bezala ezabatzen ditugun bitartean. Nahiago dugu filtro bidezko errealitatea, erreal bezala irudikatzea, errealitatea, bizitzen ari garen hori, ulertu, onartu edota eraldatu baino; nola zauden galdetzen dizuten bakoitzean, erantzun bakar bat, eta positiboa, posible balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.