Kooperatiben finantza osasuna indartzeko prestatu da Mondragon

Enpresek ratio jakin batzuk bete beharko dituzte emaitzak banatu ahal izateko bazkideen artean

Mondragonen kongresua abiatu aurretik, atzo, Donostiako Kursaalean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
xabier martin
Donostia
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Kooperatiben iraunkortasuna da kooperatibistena bermatzeko tresnarik eraginkorrena. Iñigo Uzin Mondragoneko presidentearen hitzak dira BERRIAri emandako elkarrizketan, joan den igandean. Taldeko zuzendaritza sinetsita dago finantzen sendotasunik gabe nekez egingo diotela aurre geroari kooperatibek; estrategia horri jarraikiz, erabaki dute enpresen errekurtso propioak indartzea, eta zoru horretatik abiatuta haztea. Horregatik, kooperatiben emaitzen banaketarako ratio berriak onartu zituen Modragon korporazioak atzoko Kongresuan, Donostiako Kursaalean. Han batzartutako kooperatiben 650 ordezkariek baietz esan zioten gutxieneko egoera ekonomiko jakin bat eskatzeari enpresei, bazkideen artean emaitzak banatu ahal izateko.

Oinarrian, aurretik zegoen exijentzia gogortu egin da. Dirua galtzen ari den enpresan nekez banatuko dute ez dagoen irabazia inoren artean. Orain, ordea, irizpide berriek enpresaren horniduren alde jokatuko dute, nolabait esateko. Kopuru zehatz batzuk ez betetzeak eragingo du edozein kooperatibatan aldatuko direla bazkideek kapitalari egindako ekarpenen interesen eboluzioa eta itzulketa kooperatiboak.

Labur esateko: enpresaren baliabide propioak aurrena, eta bazkide bakoitzaren patrika ondoren. Iraganeko lezioak ez dira alferrik izan, eta 2016an onartutako mandamentu berriei —autoexijentzia eta ardura partekatua— finantzen sendotasuna gehitu zaie. Horretarako, errentagarritasunaren aroa zabaldu nahi du Mondragonek. «Dirua irabazi behar da kooperatibek irauteko», garbi esplikatu du egoera Iñigo Uzinek sarritan, 2016ko apirilean Arrasateko taldearen lema hartu zuenetik. Egunkari honetan laburtu zuen pentsamolde hori aurreko igandean: «Kooperatibarik gabe, ez da kooperatibistarik egongo».

Hiru ratio bete behar dira

Baina zeri begiratu beharko zaio aurrerantzean bazkideen artean irabaziak banatuko diren ala ez jakiteko? Hiru aldagai ekonomiko zehatzi: errentagarritasun tasari (%9tik gorakoa beharko du); finantza zor garbiari (2,5 baino txikiagoa); eta independentzia ratioari (1 baino handiagoa). «Kooperatibek ratio horiek betez gero, emaitzak banatzeko gaur egun dauden arauei eutsiko zaie», azaldu zuen Mondragonek ohar baten bidez. «Aldiz, kooperatiba batek ez baditu erreferentziazko ratio horiek lortzen, aldatu egingo dira emaitzak banatzeko irizpideak». Banaketa horiek mugatu egingo dira erreserben hornidura handitzeko, betiere.

Iñigo Uzin presidenteak berak azaldu zuen kooperatibek munduko eraldaketa testuingurura egokitu behar dutela etengabe, «aldaketa bizi batean murgilduta baikaude». Aldaketa horiek «modu erabakigarrian eragiten diete korporazioaren negozioei». Presidenteak «egokitzeko premia» dagoela esan zien Kursaalean elkartutako ordezkariei, eta «funtsezkoak izango diren» aldagaiak azaldu zituen, arretagune nagusia pertsonen ekarpenean jarrita.

«Erdigunean pertsona kooperatibistak ipinita, taldean lan eginez, kultura partekatu batekin, gure erakundeentzat talentua erakartzeko eta garatzeko gaitasuna eduki behar dugu», esan zuen. Lankidetza areagotu behar dela erantsi zuen, «bai elkartasunari dagokionez, bai negozioei lotutako alderdiei dagokienez, etxe barruan zein kanpoan». Halaber, berrikuntzaren garrantzia azpimarratu zuen, «baina ez soilik teknologikoa, baizik eta merkatuaren garapenari loturik dagoena». I+G atalean erronkarik zailenei aurre egiteko «taldeek duten jarrera» ere oinarrizkoa dela esplikatu zuen. Presidenteak gaineratu zuen Mondragoni atxikitako kooperatiben «presentzia globala» bultzatu behar dela, eta digitalizazioaren erronkan bete-betean sartu behar dutela.

Emaitza aurreikuspen ona

Mondagon korporazioak 2018. urtean izan duen bilakaerari dagokionez, albiste onak eman zizkien euskal kooperatiben ordezkariei Iñigo Uzinek. Aurtengoa urte positiboa izango da, salmenta metatuak aurreko urtekoak baino handiagoak izaten ari direlako, eta enplegu sorreraren inguruko zenbakiak gorantz doazelako. Azken urteetakojoera berretsi dute urteko lehen hamar hilabeteek, bereziki industria dibisioan. Azken bost urteetan «8.000 lanpostu berri baino gehiago» sortu direla azpimarratu zuen taldeko presidenteak.

Munduko merkatuetan, baina batez ere Europan egon den hazkundearen olatua hartzen jakin izan dute kooperatibek, eta horren emaitza da Arrasateko taldeak hazkunde aurreikuspenetik gertu egongo dela industria dibisioan, eta 2018. urtea %8 inguruko igoerarekin itxiko duela salmentei dagokienez. %16 inguruko hazkundea litzateke bi urtean, oso kontuan hartzeko kopurua. Hazkunde horrek errentagarritasuna handitzeko balio beharko luke, hura baita enpresen finantza osasuna indartzeko bide laburrena.

Kongresua egiten ari zen bitartean, Ordaindu eta Eskuratu taldekoek protesta egin zuten Kursaaleko kanpoaldean, azken urteetan bezala. Mondragonen aurka jarri zuten salaketa kolektiboa preskribatua dagoela ebatzi zuen epaileak aurreko uztailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.