Arrauna. Kontxako Bandera

Semaforoa, laranja kolorekoa

Emakumezkoen hogei traineru ariko dira aurten Kontxako Banderan, ia gizonezkoenak adina. Izaro Lestayo Getariako gizonezkoen patroiak ezingo du atera, ordea, araudiak ez diolako uzten

Edurne Egaña Euskadiko Kirol Portuen zuzendaria, Nekane Arzallus Donostiako alkateordea, Ainhoa Arruabarrena Kutxabankeko Gipuzkoako Sareko zuzendaria eta Jose Miguel Aierza Adegiko idazkari nagusia, atzo, Kontxako bi banderekin, Donostiako udaletxean egindako aurkezpenean. DONOSTIA KULTURA.
Aitor Manterola Garate.
<i>Donostia</i>
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Atzo aurkeztu zuten, Donostiako udaletxean, Kontxako Bandera, eta, ohi bezala, hiru estropada izango dira: sailkatze estropada datorren ostegunean jokatuko dute, eta ondorengo bi igandeetan jarriko dira bi banderak jokoan, 2008tik gertatzen ari den bezala, aurten ere emakumezkoen lehiaketa egongo delako. Hain zuzen, aurtengo albisteetako bat horri dagokio. Izan ere, emakumeen hogei traineru ariko dira datorren ostegunean, eta, gizonenak 23 izango direnez, ia berdinduta daude aurten.

Berdintasunaren semaforoa berdea da alde horretatik estropada egutegiko lehiaketa nagusian. Duela 11 urte eman zen aurrerapausoari esker, emakumeen estropada antolatzearen uberan eta beste hainbat arrazoi tarteko, asko indartu dira emakumeen traineru estropadak. Aurtengo parte hartzaile kopurua da erakusle garbienetako bat.

Iaz ere beste pauso bat eman zuen Donostiako Udalak, antolatzaileak, lehen aldiz berdindu egin baitzituen gizonezkoen eta emakumezkoen diru sariak. Dena ez da izan, ordea, urre kolorekoa, eta aurtengoak badu halako iluntasun bat: Getariako gizonezkoen taldeko patroietako bat Izaro Lestayo da, eta, KAE 1 ligako araudiak aukera ematen duenez emakumezko patroi bat gizonezkoekin aritzeko, egin du estropadaren bat. Gipuzkoako Txapelketan ere Lestayo joan zen Esperantza traineruaren txopan. Kontxakoan, ez dio utziko antolakuntzak, Udalak alegia, «araudiak talde egitura mistoa» ez duelako onartzen.

Atzoko aurkezpenean, BERRIAk Nekane Arzallusekin hitz egin zuen, alkateordearekin, eta, lehenik eta behin, azaldu zuen Getariak ez duela eskaerarik egin araudia aldatzeko. Gero, auziaren inguruan, hau adierazi zuen: «Iruditzen zait gai honek hausnarketa behar duela, eta egin egin beharko litzateke, baina aldagai asko daude, eta oso kontuan hartzekoak erabaki bat hartzeko. Dena aztertu behar da ondo eta patxadaz, ez baita ematen duen bezain sinplea». Lestayoren kasuan, antolakuntzak gorri jarri dio semaforoa. Berdintasunari dagokionez, hortaz, laranja izango da aurtengoa, berdetik baduelako, baina gorritik ere bai.

Semaforoarena egokia da alderaketa egiteko; izan ere, aurten, aurreneko aldiz, irteera semaforoen bidez egingo da Kontxan. Traineruen Kluben Elkartea sistema hori ari da erabiltzen Eusko Label eta Euskotren ligetan aurten, aurreneko aldiz.

43 talde sailkatze egunean

Traineruz gainezka egongo da datorren ostegunean Donostiako kaia eta inguru osoa, 43 talde ariko baitira sailkatze estropadan. 17:30ean hasiko dira emakumezkoak, eta 18:00etan gizonezkoak, biak erlojupekoan. Emakumezkoen hogei taldeei gizonezkoen 23 batuko zaizkie lanean, eta, bi kasuetan, zazpina taldek lortuko dute iraileko lehen bi igandeetan arraun egiteko aukera. Deigarria da emakumezkoetan Galiziako sei talde etorriko direla.

Ohi bezala, emakumezkoak zein gizonezkoak bi multzotan banatu dituzte, eta zozketak erabakiko du zein multzo aterako den lehendabizi. Donostiarrak ez du parte hartuko sailkatze eguneko bi estropadetan, sailkatuak baitaude hiriko taldeak izateagatik. Arraun Lagunak ere hirikoa da, baina sailkatu egin beharko du ostegunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.