Plaza zailean, daukanarekin

Eibarrek Valentziaren zelaian ekingo dio berriz ligari gaur. Sei jokalari daude jokatu ezinda

Edu Exposito erdilaria Celtari Ipuruan sartu zion gola ospatzen, zazpigarren jardunaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Gabonetako oporren ondorengo lehenengo jardunaldian, Eibarrek Valentziaren zelaian ekingo dio berriz ligari gaur eguerdian. Bi emaitza on lortuta zeuzkan taldeak etenaren aurretik, Bilbon berdinduta eta Ipuruan Granadari irabazita, eta orain berriz hastea bezala izango da. Zailtasun horri beste bat azaldu zaie armaginei: sei jokalarik geratu behar izan dute etxean, jokatu ezinda. Min hartuta daude Arbilla, Ramis, Escalante, Diop eta Kike, eta hirugarren partida beteko du zigortuta Orellanak. Horien ordez, bigarren taldeko hiru jokalari eraman ditu Jose Luis Mendilibarrek: Ekhi Bravo eta Miguel Atienza erdilariak, eta Sergio Cubero atzelaria. Deialdian da duela bi aste aurpegian ebakuntza egin zioten Esteban Burgos erdiko atzelaria ere.

Mendilibar ez da aitzakia jarri zalea, eta gaurkoari begira ere antzeko jarrera hartu du. Taldearen indarra nabarmendu nahi izan zuen atzoko agerraldian, falta direnengatik kexuka hasi ordez: «Orain gutxi erakutsi dugu taldea garela, falta izan diren jokalarien zuloa taldeko lanak bete duelako, eta orain ere gauza bera egin beharko dugu». Bilboko partida jarri zuen mugarritzat: «Ez geunden ondo, baina taldeak aurrerapausoa eman zuen, eta gaur beste horrenbeste egin beharko dugu». Lehen itzuliari amaiera emango dion partidan aurreko bi partidetako itxura ona eman nahi duela gaineratu zuen: «Lan onari segida eman nahi diogu. Hobera egin genuen Gabonen aurreko partidetan, eta horixe da bidea».

Onartu zuen Valentzia aurkari zaila izango dela. Etxean ez du partidarik galdu ligan, esate baterako. «Talde sendoa da, eta Txapeldunen Ligan ere oso ondo dabiltza. Haiek ere izan dituzte jokalarien lesioak, baina aurrera egin dute, eta min hartutakoak osatuz joan diren heinean, gehiago sendotu da etxean». Aurkariaren jokoa nolakoa den xehatu zuen: «Oso bertikalak dira. Ez dute behar baloiaren jabetza luzerik min emateko. Beti ari dira aurkariaren atera begira baloia berreskuratu bezain azkar. Erdiko atzelariek ere azkar jotzen dute baloia gora, eta aurkariei ez diete denborarik ematen presioa egiteko». Nolako partida izango duten ondo asko azaldu zuen: «Sufritu egin beharko dugu». Aurreko sasoian 0-1 irabazi zuen Eibarrek han, eta 0-4 duela bi denboraldi.

VALENTZIA-EIBAR
Valentzia. Cillesen; Wass, Garay, Gabriel, Gaya; Ferran, Coquelin, Parejo, Soler; Maxi Gomez eta Rodrigo.
Eibar. Dmitrovic; Tejero, Oliveira, Bigas, Jose Angel; Pedro Leon, Sergio Alvarez, Exposito, Inui; Charles eta Enrich
Epailea. Hernandez Hernandez.
Lekua. Mestalla (48.600 ikusle).
Ordua. 13:00etan (MovistarLa Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.