Bidaiak Espaziora SA

Ameriketako Estatu Batuetako Space X enpresak bi astronauta eraman ditu lehen aldiz Lurretik Nazioarteko Espazio Estaziora

Space Xen Falcon 9 suziriaren eta Space Dragon espaziontziaren jaurtiketa, eta Douglas Hurley eta Robert Behnken astronautak. SPACEX - NASA.
jakes goikoetxea
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Espazioa ere bada enpresa pribatuen eremua. Berez herrialdeen eta herrialdeetako espazio agentzien lehia eremua izan dena enpresek ustiatzeko lekua ere bada. Enpresek parte hartzen dute hainbat misiotako osagaietan, eta espazioa kolonizatzen ere ari dira, telekomunikazio sateliteen bidez nagusiki. Asteburu honetan beste urrats bat egin dute: SpaceX enpresak bi astronauta eraman ditu Lurretik ISS Nazioarteko Espazio Estaziora.

Space X enpresa AEBetakoa da: Elon Muskek sortu zuen, Paypalen sortzaile izandakoak eta Tesla auto ekoizlearen jabeak. Astronautak NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziakoak dira.

NASAk esan du «aro berri bat» hasi dela «gizakien espazio bidaietan». Gizakiek, baina, urte asko daramatzate espaziora bidaiatzen. NASArentzat historikoa da AEBetako astronautak berriro joan direla espaziora «AEBetako suziri bateanAEBetako lurretik».Launch America (Jaurti Amerika) leloa erabili du misio honetan.

AEBek 2011n bidali zituzten azken aldiz astronautak handik: Atlantis misioan, 2011ko uztailaren 8an. Orduz geroztik, Baikonurko kosmodromotik (Kazakhstan) bidali ditu, Errusiaren Soyuz espaziontzietan. Alegia, urteak egin dituzte Errusiaren mende espaziora joateko.

Hurley, 2011n ere bai

Robert Behnken eta Douglas Hurley astronautak herenegun iritsi ziren ISSra. Eskarmentu handiko astronautak dira. Hurleyk bi aroak uztartu ditu: pilotua izan zen Atlantisen 2011ko azken misioan, eta pilotua izan da SpaceXen espaziontzian egindako lehenengoan. Ez dute zehaztu zenbat denbora egingo duten estazioan.

Misioak Demo-2 izena du. NASAk eta Space X enpresak garatu dute, elkarlanean. Space X-ren Crew Dragon kapsula itxurako espaziontzia larunbatean jaurti zuten Kennedy zentro espazialetik, Cañaveral lurmuturrean (Florida, AEB), Falcon 9 suziri batean, hori ere Space X-rena. 500 tona erregai zeramatzan. Berez, iragan asteazkenean jaurti behar zuten, baina jaurtiketa atzeratu egin zuten, eguraldi txarragatik.

Jaurti eta hemeretzi ordu geroago, herenegun, ISSrekin bat egin zuen, Lurretik 410 kilometro ingurura. Maniobra korapilotsua da, zehaztasunagatik eta 27.500 kilometro orduko abiaduran egin behar delako. Space X enpresak lehen ere lortu zuen Dragon espaziontzia ISSra bidali eta harekin bat egitea: materiala eraman eta Lurrera bueltatu zen 2012an, astronautarik gabeko misio batean.

Misioa arrakastatsua bada—itzulera falta da oraindik— Space X enpresak abantaila izango du lehiakideekiko, Boeingekiko, esaterako.

Helburua ez da soilik astronautak ISSra bidaltzea. Bai NASArentzat, bai Space X enpresarentzat, abiapuntua baino ez da astronautak aurrena Ilargira eta gero Martera bidaltzeko. Horrez gain, Space X enpresak turistak —aberatsak— ere eraman ahal izango ditu espaziora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.