Erasoan badauka zer hobetua

Lointek Gernikak 47-42 galdu du Estudiantesen kontra, ligako kanporaketako lehen partidan

Angie Bjorklund izan zen Gernikako jokalari onena atzoko partidan. GERNIKA.
ainara arratibel gascon
2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Zehaztasunik gabe. Halaxe aritu zen atzo Lointek Gernika, Estudiantesen kantxan, titulurako kanporaketetako lehen neurketan. Mario Lopezen taldeak bost punturen aldeaz galdu zuen, 47-42, eta desabantaila hori irauli beharko du igandean Malosten, finalerdietan egoteko. Lor dezakeen zerbait da. Baina, horretarako,asko hobetu beharko du erasoan.

Izan ere, lehen zatian oso kaskar aritu zen arlo horretan. Hamalau puntu besterik ez zituen sartu, zazpi laurden bakoitzean. Eskerrak etxekoak ere ez ziren fin aritu lehen hogei minutu horietan. Bi taldeetako jokalariei kostatu egin zitzaien eskumuturra berotzea. Jaurtiketa asko motz geratu zitzaizkien, edo burdinan jo zuten. Baloi galerak ere izan ziren. Kanporaketetako lehen partida izatearen errespetua eta urduritasuna antzeman ziren. Bigarren laurdeneko azken txanpan Estudiantesek asmatu egin zuen bizpahiru jokalditan jarraian, eta horri esker lortu zuten atsedenaldian zuten errenta: 20-14.

Ezinean segitu zuen Mario Lopezen taldeak, etxekoen defentsan zulorik topatu ezinda. Estudiantesek, berriz, saskiratzeak lortzeko modua aurkitu zuen distantzia erdiko jaurtiketen bidez, eta errenta hamahiru puntuan ezarri: 31-18. Partida hautsia zirudien. Baina Bjorklunden bi hirukok suspertu egin zuten Bizkaiko taldea. Uztaipean ere zuloak topatzen hasi ziren Lo eta Roundtree, eta aurretik ere jarri ziren: 34-35. Hogei puntu lortu zituen hirugarren laurden horretan Gernikak,

Baina Ginzok ez zuen kirolez kontrako falta bat baliatzen asmatu, eta azken txanpa horretan etxekoek huts gutxiago egin zituzten.

Minutu horietan, Gretterrek hartu zuen partidaren aginte makila. Erasoan ondo gidatu zuenbere taldea, eta Buranik eta Carterrek ederki baliatu zituzten hark ahalbidetutako jaurtiketa erosoak. Estudiantesek lauzpabost punturen errenta lortu zuen, eta nahikoa izan zuen partida irabazteko.

Efes hartuko du Baskoniak

TD Systemsek, berriz, gaur jokatuko du Buesa Arenan, Anadolu Efesen aurka, Euroligako azken-aurreko jardunaldian (19:00, Dazn). Gasteizko taldeak beste pauso bat eman nahi du final-laurdenetarako sailkatzeko helburuan. Gaur-gaurkoz, zazpigarren postuan dago, Real Madrilekin, zortzigarrenarekin berdinduta. Garaipen bateko aldea du Valentziarekiko eta Zenitekiko, baina errusiarrek partida bat gutxiago jokatu dute, eta puntu alde hobea daukate. Gaurko arerioa, Anadolu Efes, jada sailkatuta dago —hirugarren da—, baina garaipena nahi du, zerrendaburu izateko eta kantxa faktorea izateko. Herenegun, astindua eman zion Real Madrili, haren kantxan: 83-108.

Eta Baskonia unerik onenean dagoenean iritsi dira berri kezkagarriak. Klubaren inguruko iturrien arabera, haren babesle TD Systemsek lau hilabete daramatza agindutako dirua ordaindu gabe. TD Systemseko ordezkariek zehaztu dute ez dutela zorrik, baina bai «desadostasunak» Baskoniarekin, euren arteko akordioak dioela ikusleak egongo zirela Buesa Arenan, eta pandemiagatik hori ez dela hala gertatzen ari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.