Amets egiteko koldarregiak

2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Zer da gaztaroa? Ametsa.
Zer da maitasuna? Ametsaren edukia.
Soren Kierkegaard

Askotan entzun ohi izan diot nire amonari gustora bueltatuko litzatekeela gaztarora, bizitza osoa aurretik zuen garai hartara; jaiotzatik heriotzatik baino gertuago bizi zen garai hartara. A zer altxorra gaztaroa! Gaztaroan dena bizitzen baita gar gehiagorekin, bihotzak indartsuago eragiten ditu bere taupadak; odola borborrean edozein momentutan, gorputzak eztanda egingo balu bezalaxe. Taupada infinitu horien artean sortzen dira lehen gaztaroko maitasunak, momentu onenak eta txarrenak aldi berean pasarazi dizkizuten horiek. Maitasun horiek hain dira sutsuak, konturatu baino lehen bukatu egiten direla; gaztaroaren antzera. Ihes egiten dute beste bat etorriko den esperoan, egunek bizitzarekin jolasean diharduten bitartean. Egunerokoan pentsatzen duen norbait bada, gazteak dira, etorkizuna urruti duen burbuila batean murgildurik.

Gaztaroan denak du errealitate bihurtzeko aukeraren esentzia. Akatsetatik ikasteko eta etorkizunean gure ibilbidea zuzentzeko aukera omen delako, bidea luzea den bitartean edozein bihurgunek amai dezakeelako jatorriz egokia den bide zuzen batean.

Zahartzen goazen heinean, aldiz, bidearen amaiera gertu ikusteko joerak, hartzen den edozein bihurgunetatik bide nagusira bueltatzeko aukera mugatzen du. Badirudi hartzen den edozein erabaki behin betikoa dela, ez duela atzera-bueltarik, ez duela zuzentzeko aukerarik.

Gaztaroaren amaierak errealitaterako ateak irekitzen dizkigu eta geneuzkan itxaropenak bete diren ala ez ikustera kondenatzen gaitu. Une horretan, gaztetasunak eman digun guztia mantentzea bakarrik geratzen zaigu; izan ere, zerbait irabazi badugu, heriotzak berandu baino lehen eraman egingo baitu. Gustatu ala ez, egun bat gehiago, egun bat gutxiago da.

Bizitzak berak etapa ezberdinak dituen bezala, maitasunak ere badauzka bere denborak, bere faseak. Denbora pasa ahala maitasuna heldutasunera iristen da, pertsonekin gertatzen den antzera. Prozesu horretan, atsegin kolektiboak edo harremanekoak interes indibidualak gailendu egiten ditu norbait maitatzen hasten garenean. Indibidultasunetik, talde baten parte izatera igarotzen gara, egiten dugun orok bestearengan eragina izanik. Gaztetasunak ematen dizkigun itxaropenen pare, amodio gazteak gutxi dauka galtzeko eta asko irabazteko. Bizipen idealizatuak, emozio kontrolaezinak, gau sutsuak... hasierako amodioa irrikaz bizitzea dakarte: zirrarari adikzioa. Maitatuak izateko daukagun nahi horrek mugiturik besteak ezagutzen, laztantzen eta azkenik maitatzen bukatzen dugu.

Koldarrenak laztanetan geratzen diren bitartean, ausartenek maitatzeko erabakia hartzen dute; egoerari buelta emanaz. Maitatzen duenak asko dauka galtzeko eta gutxi irabazteko. Hitzak berak baitio: maite-min, maitatzeak dakarren mina. Horregatik diot maitatzea erabakitzen duen hura ausarta dela, barnea ireki eta bere ametsak zapuztuak ikusteko arriskua bizitzeko gai baita. Ahulezia guztiak besteen eskuetan ipiniz eta labankada noiz jasoko duen zain. Ametsetik noiz esnatuko zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.