Klase politikoak, lehengo lepotik burua

Gorka Ovejero Ganboa
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Orain dela hamar urte eta Okzitaniako Tolosan, gobernatzen gaituen klase politikoari beraien jarduera elitista oker eta ankerra aurpegiratu nahi izan genion, Yolanda Barcina orduko Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakariaren figuraren gainean. Hamar urteren ondoren, lehengo lepotik burua darabilte gure lurraldea gobernatzen duten politikariek, tarte horretan krisi ekonomiko lazgarri bat eta pandemia global bat jasan eta larrialdi klimatikoa zena zibilizazio larrialdi bilakatu den arren.

Sinestezina bada ere, ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzen dute, alferrikako proiektu eta azpiegitura xahutzaileak sustatzen eta jendeari errealitatearen larritasuna ezkutatuz. Ferietako hitzontzien gisan unean uneko hitz gakoak, borobilak, dotoreak erabiltzen dituzte, egia ezabatuz. Ibarretxe lehendakariaren garaietatik modan jarri zen iraunkor edo jasangarri hitza erabiltzen dute oraindik ere barra-barra. Gaur egun, elite ekonomikoen mesedetan diren proiektu eta azpiegitura guztiak omen dira berriztagarri, iraunkor, garbi, berde, ekologiko, despopulazioaren aurkako edo klima aldaketari aurre egiteko modukoak. Berdin dio Urkullu, Txibite edo Sanchez diren. Berdin dio AHTaren Euskal Y-a edo nafar korridorea diren, Superportuak edo SuperSur-ak.

AHTak bidaiariak eta merkantziak eramanen dituela esanen digute, gezurti halakoek! Eta despopulazioari aurre egiteko proiektuok onuragarriak direla botako dute, aurpegi gogortuan keinu ziztrin bat bera ere egin gabe, denok jakin dakigun arren AHTa hiri handietan baizik ez dela geldituko herriak baztertuz, despopulazioa handituz eta betiko tren zaharkitua deuseztatuz.

Elite baterako agintzen dute eta elite horretako partaide izan nahi dute, behin politika utzita urrezko jubilazio bat jasoz, non eta urteetan multinazional horiendako lege mesedegarriak onartuz eta diru publikoak proiektu faraoniko eta alferrikakoetan xahutuz lagundu dituzten horietan. Gora gu politikariak eta ate birakariak!

Nola uler daiteke bestela, inoizko pandemia handienaren ondoren, eta Pertsonak aurrena! lelo entzutetsuaren ostean, EAJk europar diru funtsak Petronor-Respsol eta AHTarendako bideratzeko asmoa agertu izana edota Txibitek eta Sanchezek Nafarroari egokituko zaizkion diru kopuruak AHTaren nafar korridorearendako bideratu nahi izatea?

Sistema kapitalista globalak bere mugak, gabeziak eta krisi ziklikoak geroz eta nabariago erakusten dizkigun unean, zibilizazio larrialdi batean murgildurik gauden momentuan, betiko legez jarraitzea onartezina izateaz gain, kriminala da.

Tamalez, agintari politiko profesionalek lehengo lepotik burua izaten jarraitzen dute. Eta guk arrapostu: bada, baita guk ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.