Bide laburra egin du

Alavesek ezustean galdu du Linaresen aurka (2-1), eta Espainiako Kopatik kanpo geratu da. Arabako taldeak partida oso txarra jokatu du

Alexandru Tirlea Alaveseko ezker hegaleko atzelaria, baloiarekin, atzo. DEPORTIVO ALAVES.
Julen Etxeberria.
2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun

«Aldea eta nagusitasuna zelaian erakutsi behar dira», ohartarazi zuen Javier Calleja Alaveseko entrenatzaileak Linaresen jokatu bezperan (Espainia). Bi maila daude talde baten eta bestearen artean, eta horrek faborito egiten zuen Arabako taldea. Halere, ez zen fio Calleja. Ez zen izango arrain txikiak handia jaten zuen lehen aldia. Makina bat aldiz gertatu dira halakoak Espainiako Kopan, eta are gehiago lehiaketaren sistema aldatu eta finalerdiak jokatu arte kanporaketak partida bakarrera eta aurkaririk apalenaren zelaian jokatzen denetik. Horrek ematen dio xarma Kopari. Dena da polita norberak ematen duenean halako ezusteko handi bat, baina dena da itsusia norberak sufritzen duenean halako ustekabe handi bat.

Eta atzo, Alavesek zorigaiztoko ustekabekoa izan zuen: 2-1 galdu zuen, eta Kopatik kanpo geratu zen, espero baino lehenago. Kolpe gogorra da, lehentasuna liga izan arren, lehiaketa ederra baita Kopa. Baina azken hiru ekitaldietan bezala, ederretik batere ez du izan.

Eskas aritu ziren arabarrak. Aldiz, Linaresek partida handia egin zuen. Lehenbizi, lehen aukeran sartu zuen gola, partidako aurrenekoa: Ion Etxaniz arrasatearrak egin zuen, 19. minutuan. Gola jasota, Alaves berdinketaren bila joan zen, eta kostata bada ere, lortu zuen: Mamadou Syllak banakoa egin zuen 67. minutuan. Baina gutxi iraun zien pozak, sei minutu geroago Nando Copetek etxekoen bigarrena sartu baitzuen. Ez zen gol gehiago izan.

Gaur, Reala eta Eibar

Alavesek egin bezala, Realak eta Eibarrek ere Kopako final-hamaseirenetarako sailkatu nahi dute. Etxetik kanpo jokatuko dute biek gaur. Txuri-urdinak Zamora Espainiako hirugarren mailako taldearen zelaian ariko dira (19:00, Dazn). Alde handia dago bi taldeen artean, eta ustezko nagusitasun hori berretsi nahi du Realak. Eibarrek, berriz, maila bereko kontrarioa izango du: Tenerife (21:00, Dazn). Bi talde horiek jada elkarren aurka jokatu dute denboraldi honetan, ligan, orduan ere Kanariar uharteetan (Espainia), eta 0-1 irabazi zuten eibartarrek. Beste horrenbeste egin nahi dute gaur.

Bestalde, Realeko akziodunek ia erabateko babesa eman zioten atzo Jokin Aperribai buru duen Administrazio Kontseiluak egindako kudeaketari. Akziodunek aurreko sasoiko kontuak eta hurrengorako aurrekontuak onartu zituzten %99,6ko babesarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.