Bizkaiko klubak izan dira nagusi

Galdakaoko Adiskide eta Zornotzako Lagun Onak Berria txapelketako lehen fasean izango dira. Biak 2-1eko emaitzarekin gailendu dira

Lagun Onak-eko kadete mailako atzelari Bereziartua pilota jotzen, inguruan beste hiru pilotariak dituela. A. LOIOLA / FOKU.
jon eskudero
2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Lehenengo kanporaketan jokatuko diren norgehiagoka guztiak erabakirik geratu ziren joan den asteburuan XVII. Berria txapelketan. Besteak beste, azken bi atarikoak jokatu dira, eta Bizkaiko pilota elkarteek agindu dute nabarmen Arabakoen aurrean izan dituzten lehiatan. Joan den ostiralez, Galdakaoko Adiskidek 2-1 irabazi zion Amurriori, eta larunbatez emaitza berarekin menderatu zuen Zornotzako Lagun Onak elkarteak Laudioko Herriaren taldea. Hortaz, bizkaitarrek jarraipena izango dute txapelketan, eta aurkari gogorrak izango dituzte hurrengo fasean. Adiskidek Errioxako Titin III.ari egin beharko dio aurre maiatzaren 1ean, eta egun berean Lagun Onak-ek Azkoiti izango du arerio.

GALDAKAO
Adiskide(Galdakao) 2
Amurrio (Amurrio) 1


Jaialdi dotorea eskaini zuten Galdakaoko frontoian etxeko pilotariek eta Amurriokoek. Lehen partidatik hasita, gainera. Izan ere, kadeteen mailakoa 21-22 amaitu zen, arabarren alde. Emoziorik ez zen falta izan, eta joko onik ere ez. Hotz samar kantxaratu ziren lau pilotariak, baina, tantoak aurrera joan ahala, euren onena eman zuten. Berdinketak nagusitu ziren partida erditik aurrera: 11na, 15na, 20na eta 21na joan ziren, eta azkenean Amurrioko Arauzo II.ak eta Pikatzak lortu zuten garaipena Adiskideko Gomez eta EreƱoren aurka.

Ez zen halakorik izan gazteen partidan, Adiskideko Ariznabarretak eta Arroitak aise irabazi baitzuten. Zehazki, 22-6 menderatu zituzten Amurrioko Arauzo eta Diaz. Bizkaitarren nagusitasuna nabarmena izan zen. Hala, nagusien esku geratu zen guztia, eta partida bikaina jokatu zuten Legorburu-Karregal bizkaitarrek eta Landaluze-Gonzalez arabarrek. Hain zuzen, kanpotarrak askoz hobeki aritu ziren lehen zatian, eta 5-14 aurretik ere joan ziren. Esku-eskuan izan zuten sailkapena. Adiskidekoak biak aurrelariak izaki, nahi eta ezin aritu ziren lehen zati luzean, baina bigarrenean erakustaldia eskaini zuten. Kantxan hobeki kokatu ziren, lasaiago jokatu zuten, eta azkenean 22- 17 irabazi zuten, emaitza irauliz.

LAUDIO
Herriaren (Laudio) 1
Lagun Onak (Zornotza) 2


Bezperan ez bezala, larunbateko jaialdian etxeko taldeak ezin izan zuen sailkapena lortu, Herriaren elkarteak galdu egin baitzuen Zornotzako Lagun Onak-en aurka, Laudion. Lehiak ez zuen misterio handirik izan, partida guztietan aise nagusitu baitzen bikote bat. Besteak beste, kadeteetan Arroitajauregi eta Bereziartua bizkaitarrek 22-2 irabazi zieten Reinaldo eta Manterola arabarrei. Azken horiek euren herrialdeko txapeldunak izaki, lehia orekatuagoa espero zen, baina urduritasuna etsai izan zuten. Zornotzarrek erraz eskuratu zuten lehen puntua. Kontrakoa gertatu zen gazteetan, eta Sanchez eta Eskuzak 22-11 menderatu zituzten Alonso eta Bullon. Bere mailako atzelaririk onena da Eskuza, eta bistan geratu zen zergatik. Hark agindu zuen kantxan.

Ondorioz, nagusien partidak erabaki zuen guztia, baina lehiak ez zuen emoziorik izan. Ezta gutxiago ere. Askoz gehiago izan zen Lagun Onak-eko bikotea, eta Prieto eta Morgaetxeberiak 22-1 irabazi zieten Picon eta Saezi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.