Huts egiteko tarte txikia dute

Realak eta Alavesek puntu garrantzitsuak dituzte jokoan; Osasunak Valentziari egingo dio bisita

Rafael Alcantara, William Carvalho Betiseko erdilariarekin lehian, Espainiako Kopako final-laurdenetan. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko apirilaren 15a
00:00
Entzun

Denboraldia garai erabakigarrian sartu izanaren adierazle dira Realak eta Alavesek jokatuko dituzten partidak. Txuri-urdinek zabalduko dute Espainiako Ligako 32. jardunaldia, gaur, Anoetan, Betis hartuta (21:00, Gol). Europako postuak eskuratzeko bidean aurkari zuzenak dira bi taldeak. Bi puntu baino ez daude haien artean: Betis bosgarrena da sailkapenean, eta Reala, seigarrena.

Lehia horretan sartuta dauden kontrario dezente izango ditu Realak, gaur hasi eta azken jardunaldira artean: Bartzelona, Betis eta Atletico Madril dira horren adibide. Joan zen igandean Elxi irabazi izanak bultzada eman dio Imanol Alguacilen taldeari, eta goialdeko lehiari lotu zaio berriz ere.

Datua esanguratsua da: Bartzelona bigarrenaren eta Realaren arteko aldea txikiagoa da —sei puntu— donostiarrek zazpigarrenari ateratzen dietena baino —zortzi—. Zer esanik ez laugarrena erreferentziatzat hartuta: Atletico Madril hiru puntura dago.

Hortaz, Realak Txapeldunen Ligara sailkatzeko aukera zabal-zabalik duela ekingo dio azken txanpari. Baina lehia horretan daudenen artean puntu gutxien dituena da, eta huts egiteko tarte txikiagoa du.

Betis izango da gainditu beharreko lehen koska. Azkenaldian Realaren pare ari da Manuel Pellegriniren taldea; azken bost partidetan, emaitza berberak eskuratu ditu: hiru irabazi, bat berdindu, eta bat galdu. Jardunaldi berberetan egin dute hori, gainera.

Dena den, Betisek partida garrantzitsu bat izango du bihar zortzi, eta jada hari begira jarria da. Espainiako Kopako finala jokatuko du datorren larunbatean, etxean. Hori jakinda, litekeena da Pellegrinik zenbait jokalari gordetzea; nekearengatik baino gehiago, min hartzeko arriskuagatik. Itxura du Anoetako neurketa bizia izango dela. Asko dago jokoan.

Arabarren behar gorria

Realak asko badu jokoan, zer esanik ez Alavesek. Gasteiztarrek huts egiteko are tarte txikiagoa dute. Sailkapenaren zuloan daude, azken postuan, 22 puntu soilik eskuratuta. Zazpi puntura ditu mailari eusteko postuak, eta denbora agortzen ari zaio. Gainera, bolada eskasean dago: jokatu dituen azken hemeretzi partidetatik bakarra irabazi du.

Taldearen egoera suspertzeko asmoz iritsi da Julio Velazquez, baina lehen saialdian huts egin du: 1-0 galdu zuen Osasunaren aurka joan den asteburuan. Bihar izango du bigarren aukera, Mendizorrotzan (16:15, Movistar La Liga), Rayo Vallecanoren aurka. Garaipenak soilik balio dio. Hargatik, Josean Kerejeta klubeko buruak «ahalegina egiteko» eskatu die jokalariei. Puntuak hirunaka biltzen hasi ezean, berehalakoan amaituko da Lehen Mailako ibilia.

Ostera, biharko kontrarioa patxada handiagoz ariko da Gasteizen, baina ez dago poz-pozik egoteko moduan. Hemezortzi punturen faltan, sei puntura du Cadiz hemezortzigarren sailkatua. Garai makurrean dago, gainera, eta Alavesek hori probestu nahi du arnasa pixka bat hartzeko.

Osasuna, ordea, alde ederrean dago. Aspaldi egin zituen mailari eusteko lanak, eta, orain, Europa urrun duela, unean uneko xedeak bete nahian ari da. Bihar izango du horretarako aukera, Valentziaren estadioan (18:30, Movistar La Liga). Bi taldeen artean puntu bakarra dago, Herrialde Katalanetakoen alde. Haiei irabaziz gero, koska bat igoko da sailkapenean, eta bederatzigarren izango da.

Azken jardunaldietan boladaka ari da: irabazi eta gero, galdu egin du, eta galdu eta gero, irabazi. Jagoba Arrasateren taldeak kate hori eten eta bi garaipen segidan lotu ditzake, baldin eta hiru puntuak eskuratzen baditu. Aurkariak baino patxada handiagoa izango du, gainera. Ligan, ez hotz, ez bero, Valentziak datorren asteko Kopako finalean jarria baitu arreta.

Emakumezkoen Lehen Mailan, berriz, Reala, eta Eibar ariko dira bihar: txuri-urdinek Sevillari egingo diote bisita (12:00), Txapeldunen Ligarako sailkatzeko lehian beste urrats bat egiteko asmoz. 13:00etan, berriz, Eibar Granadillaren zelaian ariko da. Irabazi beharra du, mailari eusteko lehian bete-betean segitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.