Leherrenak egin, atseden gozoa hartzeko

Realak Sevillaren aldi eskasa aprobetxatu nahi du, hiru puntuak eskuratzeko. Azken lehia da Qatarko Munduko Kopako etenaren aurretik

Mikel Merino baloiarekin, Valentziaren aurkako partidan, igandean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Realak hasi bezala amaitu nahi du Espainiako ligaren lehen zatia: ondo. Txuri-urdinek Sevillaren estadioan jokatuko dute Qatarko Munduko Txapelketak eragindako etenaldiaren aurreko azken partida, eta espainiarren bolada eskasa baliatu nahi dute irabazteko. Lortuz gero, Europako postuetan segituko du, sendo, eta urratua izango du sasoi amaierarako jarritako helburua betetzeko bidea.

Abuztutik azarora arteko aldia trinkoa izan da Realarentzat. Ligan eta Europa ligan jokatu du astea joan eta astea etorri. Emaitza onak lortu dituen arren, nekea antzeman da azken partidan, eta mesede egingo dio atseden hartzeak. Aurretik, baina, leherrenak egin nahi ditu gaur eta igandean —Espainiako Kopan ariko da, Cazalegasen aurka—, gero atseden hartzeko. Hori da Imanol Alguacil teknikariaren nahia, bederen: «Partida guztiak jokatu behar dira, baina argi dago: azkena da etenaren aurretik, eta 25 punturekin amaituz gero, Europa ligan lehen sailkatuta, hasiera ona egin izanak emandako lasaitasunarekin joango ginateke atseden hartzera».

Azken sei puntuetatik bakarra eskuratu izanak ez du esan nahi donostiarrek txakalaldia izan dutenik. Betisen aurka nagusi izan ziren jokoan —0-2 galdu zuten—, eta, Valentziaren aurka, meritu handia izan zen puntu bat lortzea, neurketaren zatirik handiena bat gutxiagorekin jokatu baitzuten. Hargatik, Imanolek bide beretik segitzea nahi du: «Egia da azken partidetan ez garela gai izan irabazteko, baina lehiakor aritu gara, eta, batzuetan, aurkariaren gainetik izan gara arlo fisikoan».

Realak Sevilla izango du aurrean. Talde horrek gaizki hasi du denboraldia, eta sailkapeneko azken postuetatik ihes egin ezinda ari da. Bi norgehiagoka soilik irabazi ditu ligan; orain hurrena, bost jardunaldi atzera. Gainera, Betisen aurkako derbiak hautsak harrotu ostean ailegatuko da Realaren aurkakora. Izan ere, Gonzalo Montielek ez du jokatuko txuri-urdinen aurka, txartel gorria atera baitzioten. Fernando Reges eta Tanguy Nianzou, aldiz, multzoarekin entrenatu ziren atzo, eta litekeena da aritzea.

«Partida zaila espero dut», esan zuen Imanolek Zubietako prentsa aretoan: «Entrenatzailea aldatu ondoren, neurketa zailak izan dituzte, eta giroa ere ez da ona. Julenek [Lopetegi, entrenatzaile ohia] egin duena izugarria da, eta hark egindakoa lortzea ez da erraza izango, nahiz eta entrenatzaile ona eduki, [Jorge] Sampaoli. Baina Sevilla beti da aurkari gogorra, eta orain ere hala izango da».

«Arriskatzeko garaia»

Donostiarrek jokalari asko falta izan dituzte azken asteetan, lesioak direla eta. Oraingoan, Aritz Elustondo ere faltako da, zigortuta baitago. Beste batzuk, berriz, asko aritu dira, partida asko izan baititu Realak. Horien artean dira Martin Zubimendi, Mikel Merino eta Diego Rico: «Arriskatzeko garaia da. Puntu garrantzitsuak daude jokoan, eta sentipen onekin joan behar dugu etenera».

Imanolen arabera, Takefusa Kubok eta David Silvak hobera egin dute azken egunetan, eta, «konbentzituta egonez gero», arriskatzeko eguna izan daiteke haiekin ere. Gainontzean, talde txuri-urdinak iragarri du Unai Marrero atezainaren kontratua berritu dutela: harrobiko futbolariak 2026. urtera arte luzatu du hitzarmena.

SEVILLA-REALA
Sevilla. Bono; Navas, Gudelj, Rekik, Telles; Rakitic, Jordan, Suso, Lamela, Nianzou, eta Isco.
Reala. Remiro; Gorosabel, Pacheco, Le Normand, Rico; Zubimendi, Merino, Gebara; Brais Mendez, Carlos Fernandez eta Sorloth.
Epailea. Del Cerro Grande.
Lekua. Sanchez Pizjuan (43.883 ikusle).
Ordua. 19:00 (Dazn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.