Rohan Dennis, nagusitasunez

Australiarrak irabazi du Munduko Txapelketako erlojupekoa, Dumoulinen eta Campenaertsen aurretik. Castroviejo seigarren izan da

Dumoulin, Dennis eta Campenaerts, atzo, podiumean. DANIEL KOPATSCH / EFE.
enaut agirrebengoa
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Hanka batekin. Hala irabazi zuen atzo Rohan Dennisek Innsbrucken (Austria) Munduko Txapelketako erlojupekoa. Urteko espezialistarik onena izan da, eta atzo urrezko dominarekin biribildu zuen denboraldia. Iazko txapeldun Tom Dumoulin zen australiarraren mehatxu nagusia, baina aise menperatu zuen: 1.21 atera zion, Victor Campenaertsi bezalaxe. Dumoulin 51 ehunenengatik izan zen bigarren. Ez zen konforme gelditu herbeheretarra, eta helmuga igarotzean ageriko nahigabe keinuak egin zituen. Michal Kwiatkowski laugarren izan zen, 2.04ra, eta Nelson Oliveira bosgarren, 2.14. Hortaz, zirrararik ez zuen izan podiumaren lehiak.

Borroka horretan egon nahi zuen Jonathan Castroviejok, baina podiumeko hirugarren koska ia minutu batera gelditu zitzaion. Seigarren izan zen getxoztarra, Dennisengandik 2.18ra. Irabazleak 32. kilometroan aurreratu zuen Castroviejo, eta geroago beste horrenbeste egin zuen Vasil Kirienkarekin. Horrek ondo islatzen du BMCko ziklistaren nagusitasuna. Nagusi izan zen bai ordekan eta bai Gnadenwaldeko aldapa pikoetan. Bost kilometro eta %7ko batez besteko pendizeko igoerak Dumoulini egiten zion mesede, baina herbeheretarrak pedal kolpe itzalia izan zuen Dennisen aldean. Hegan egin zuen australiarrak: ia orduko 50 kilometroko abiaduran osatu zuen saioa.

Castroviejo bezala, Tony Martin ere podiumetik urrun gelditu zen: zazpigarren izan zen, 2.25era. Munduko txapeldun lau bider izandako alemaniarra ez dago jada onenekin lehiatzeko moduan. Lehen hamarren artean, Martin Toft Madsen daniarra izan zen ezuste nagusia. Kontinental mailan dihardu, baina hamargarren izan zen, 3.23ra. Bihar, junior mailako errepideko probak jokatuko dituzte, eta Euskal Herriko hiru txirrindulari ariko dira bertan: Amaia Lartitegi, Jon Barrenetxea eta Josu Etxeberria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.